Eremuz kanpo 2X12 – Etorkizun oroituak

Zinemak zerbaiterako balio izan badu, etorkizuna irudikatzeko izan da. Segundoan hogeita lau aldiz oroitzen dugun aurreko argazkiaren sentsazioari mugimendu deritzogun bezala, datorrenari, etorkizun dagoena irudikatzeari, deitzen diogu patu, fede, profezia. Distopikoa, katastrofikoa, klaustrofobikoa, iluna, argia, ordenatua, kaos hutsa… zinemaren pantailak behin eta berriro eraman gaitu giza espeziearen geroaldietara.

Asmamenez betetako munduak sortuz, onenetan. Efektu ustez berezi baina aski arruntez gehiegi makilatutako panpinen arteko borrokak berriro erakusteko, okerrenetan.

Leihotxo bat zabalduz, gaurkoaren ostean etor daitekeenera, orainaldian harrapatuta gaudenon izaki itsu eta galderaz jositakooi etorkizunaren gortina desestaliz une batez, esku adeitsu eta krudel batez. Etorkizuna irudikatzeko balio izan du, zerbaiterako balio izatekotan zinemak.

Beti pantailaratu izan du eta pantailaratuko du etorkizuna. Orain ere Euskal Herriko pantailetan etorkizunari buruzko filmak daude. Lehen ere zeuden moduan. Zinemaren oraina eta iragana etorkizunez beteta daude, eta jada ez du inor harritzen retrofuturismoa deritzanak, hau da, iraganean etorkizuna nola imajinatu ohi zuten ikusteak, norbere garaiarekin alderatuta.

Gaur baina, ez diogu erretrofuturismoari ekingo, sovietar zientzia fikzioari saioren bat (edo bat baino gehiago) eskaini beharko genizkiokeen arren.

Gaur, etorkizuna oroitzez jardungo gara. Etorkizunarekiko nostalgia moduko ori darien filmei buruz. Dela denboraren makinak deserriratze mekanismo bereizi eta doakabe bihurtzen dituzten gizarteak direlako, edo memoria bera delako etorkizunaren lehengaia.

The Doors-ek zioten bezala, the future ain’t what it used to be: etorkizuna jada ez da lehen zena. Egun estrainoak dira gureak. Bizi gaituztenak eta oraindik biziko gaituztenak.

Entzun:

 DESKARGATU HEMEN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

SOINUGELA: Fame estudioa, Soul kantariak, Toumani Diabate...

og. Uzt 3 , 2014
Lehen orduan, Pedro Elias Igartuak Fame estudioan 1966 eta 67an grabatutako hainbat kanta jarri dizkigu. Horrekin batera, Aretha Franklin edo Irma Thomasen soul kantak ere entzun ditugu. Eta bigarrenean, Maliko Toumani Diabateren eta bere seme Sidikiren CD berria entzun dugu. Entzun: https://www.bilbohiria.com/docs/podcast/soinugela/soinugela140703toumani.mp3  DESKARGATU HEMEN
toumani-diabate-WEB

Honekin lotuak