Jai eremutik bertatik Aste Nagusiaren berri emango duen bi orduko magazina egingo dugu Bilbo Hiria irratia, 97 irratia eta Uriola euskal hedabideen artean, igandetik larunbatera. Egunero zuzenean igorriko dugu emankizuna, 12:00etatik 14:00etara, Bilbo Hiriaren (FM 96.0) zein 97 irratiaren (FM 97.0) sintonietan eta Internet bidezko zuzeneko jarioan. Geroago, bertan egindako erreportaje eta elkarrizketa ugari irakurri eta entzuteko aukera izango dugu, podcast eran, bilbohiria.eus webgunean, Aste Nagusiari buruzko atal berezian.
Duela bi urte hasi zen Bilbo Hiria eguneroko zuzeneko saio hau egiten eta iaz elkarlanaren aldeko apustua egin genuen, 97 irratiarekin eta Uriola hedabide digitalarekin batera. Lanak emaitza onak izan zituen eta, hori nabarmentzeko, bandera urdina eman ziguten Bilboko Konpartsek. Aurten ez dugu sari hoberik espero baina elkarlan horretan sakondu eta emaitza hobetzeko asmoa daukagu. Zaila izango da, ordea, aurreko edizioetan gurekin izan genuen Mieltxo Monfort lagunaren faltagatik, aurtengo otsailean zendu baitzen gure Mieltxo. Saiatuko gara bera harro egoteko moduko lan txukuna egiten.
Deskargatu hemen.
One thought on “Aste Nagusian egunero jai eremutik zuzenean arituko gara”