Iñigo Urkullu lehendakariagaiari galderak, FM lizentziak direla eta

2012ko FM irrati lizentziak EAEn banatzeko lehiaketa bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzak berak, 2012ko abenduan. 2019ko otsailaren 26an, berriz, Eusko Jaurlaritzak, lehiaketa hartan emandako lizentziei onespena eman eta 17 esleipen horiek eman zituen. Esleipen horien artean, Bilbo Hiria irratiak 2012an bere euskarazko irrati proiektua aurkeztutako lau frekuentziak zeuden:

  • 88.5 BILBAO RADIO 7 SL (Radio 7)
  • 90.1 BILBAO EUSKO MEDIA SL (Onda Vasca)
  • 92.7 BILBAO SOCIEDAD ESPAÑOLA DE RADIODIFUSIÓN SL (SER)
  • 95.1 BILBAO RK 20 SL (Radio María)

Erabaki horrek gure harridura eta gure haserrea eragin zituen, izan ere, jakina denez, Sociedad Española de Radiodifusion (SER) enpresak aurkeztutako euskarazko irrati proiektuari euskarazko irratientzako gordetako bi lizentzietako bat esleitu zion Eusko Jaurlaritzak, 92.7 frekuentzian (euskararako gordetako beste frekuentzia Naiz irratiak eskuratu zuen).

Urtebete baino gehiago igaro da eta SER kateak ez du frekuentzia horretan euskarazko irratirik martxan jarri. DENOK GENEKIEN ez zuela SER kateak inolako asmorik euskarazko irrati proiekturik martxan jartzeko, baina Jaurlaritzak ezarritako legezko epea igaro da eta dagoeneko denok egiaztatu ahal izan dugu hori.

Bitartean, Bilboaldeko euskaldunoi lizentziadun euskarazko irrati bat entzun ahal izateko aukera (erreserba horretan jasota zegoena) ukatu zaigu.

Bitartean, 92.7 frekuentzia horretan, SERek gezurrezko euskarazko proiektua aurkeztuta eskuratu izan ez balu, lizentzia eskuratuko zuen Bilbo Hiria irratiari lizentzia ez edukitzeak kaltea sortu dio denbora honetan guztian, guztira 23 urtez alegaltasunean sortu dion bezala.

Jakin nahi genuke Eusko Jaurlaritzak egiaztatu duen arestian aipatu esleidun horrek benetan euskarazko irrati proiektua abian jarri duen. Jakin nahi genuke, halaber, zeintzuk izango diren, esleidunak hala egin ez duela egiaztatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak ofizioz abiaraziko dituen izapideak, lizentzia esleidun horri kendu eta aipatutako lehiaketan ondorengo postuetan geratutako euskarazko proiektuari esleitzeko.

Denbora honetan guztian hitz on asko entzun ditugu Eusko Jaurlaritzako arduradunengandik. Gurekiko bidegabekeria izan dela aitortu digute, hitzez, behin baino gehiagotan. Baina, hitzez beste, egintzarik ez da egon orain arte, eta gu nekatuta gaude. Urteak joan dira egoera bidegabe honetan eta horrek zor historikoa sortu du denbora honetan guztian bere ahalegin propioaz aurrera egin duen Bilbo Hiria irratiarekiko.

Galdera zuzen eta publikoak egiten dizkiogu, beraz, Iñigo Urkullu hautagaiari:

  • Euskaldun entzuleoi eta irratigileoi gezurrezko euskal proiektu baten bidez kendutako  92.7 frekuentziaren lizentzia noiz bueltatuko digu?
  • Bilbo Hiriari eskubidez eta legez dagokion lizentzia, errekonozimendua eta Bilboaldeko euskaldungoak hain beharrezkoa duen trinkotze lanean bere gizarte eta kultura ekarpena duintasunez egiten jarraitu ahal izateko beharrezkoak dituen (eta lizentziarik ez edukitzeagatik ukatuak izan zaizkion) dirulaguntzak noiz emango zaizkio?

Eskerrik asko, aldez aurretik, erantzunagatik

Adeitasunez

Bilbo Hiria irratia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

SOINUGELA: Eric Burdon eta The Animals, Hayseed Dixie, Redon + Gomez, Little Richard, Zea Mays, Dylan, Igor Arzuaga

ol. Uzt 10 , 2020
Gaurko urrezko kantua Kea izan da, joan den udazkenean Zea Mays taldeak Atera izeneko bilduman. Aiora Renteria euskal kantagintzan ahotsik eta mirestuenetakoa dugu. Disko honetatik beste abesti bat ere entzun dugu, Zintzilik hain zuzen ere, Sarriren hitzekin egindakoa. 1966an Newcastleko The Animals rock-blues taldea desegin zen, bi urteko ibilbide arrakastatsuaren […]

Honekin lotuak