Bilbo Hiria irratia auzoz auzo dabil, jaio zeneko 20. urteurrena ospatzen (Berria)

Bizkaiko hiriburua eremu gisa duen euskarazko irrati bakarrak saio berezia egin du Otxarkoagatik

Edu Lartzanguren / 2017-01-31 / BERRIA.

«Gureak lorpen txikiak dira, baina lorpen txiki handiak», esan du Bilbo Hiria irratiko Xabier Monasteriok. Ospakizun urtea du Bilboko euskarazko irratiak. Izan ere, hogei urte beteko ditu udaberrian. Dagoeneko hasi dira ospatzen, Bilbo Hiria Auzoz Auzo egitasmoarekin: larunbatetan, saio bereziak egingo dituzte zuzenean, hiriko hainbat auzotatik, bakoitzari erretratua egiteko.

1997. urteko udaberrian hasi zen lanean irratia. Zenbat Gara Bilboko euskaltzaleen elkarteak jarri zuen martxan. Aurretik, Erroa argitaletxea, Kafe Antzokia eta Gabriel Aresti euskaltegia antolatuak zituen taldeak. Kafe Antzokia 1995. urtean abiatu zuten. «Han ikusi genuen Bilboko euskaldunen arteko zuzeneko harremana zein garrantzitsua zen, baina zeharkako harremanen garrantziaz ere konturatu ginen», esan du Monasteriok. Izan ere, adinarengatik edo auzoetan bizitzeagatik antzokira joaten ez zen jende harengana iritsi nahi zuten. Horretarako, ordea, hedabide bat behar zuten.

Bilbotarrak izanda, asmo handiak izan zituzten buruan orduan: telebista bat sortzeko ikerketa egin zuten. Berehala ikusi zuten hori oso garestia izango zela. «Gainera, gu ez ginen telebista mundu horretako jendea; irakasleak ginen», esan du Monasteriok. Irratigintza mundukoak ere ez zirela ikusi zuten laster. Zorionez, Mieltxo Monfort kazetariaren laguntza izan zuten hasieratik. «Haren arrimuan hasi ginen». Iaz hil zen Monfort, otsailean.

Hasieran, ordu gutxi emititzen zituzten, irratigintzan trebatu arte. Orain, formula mistoa du irratiak: kazetariak eta boluntarioak nahastuta dauzkate. «Ez gara adituak, baina sare handia osatu dugu, eta alor guztietako kolaboratzaileak ditugu», azaldu du Monasteriok.

Auzoz auzo

Profesional horietako bat da Ane Zabala esataria. Lankideekin batera, bi orduko zuzeneko saioa egin zuen Otxarkoaga auzotik larunbatean. Bilbo Hiria Auzoz Auzo egitasmoaren lehen saioa izan zen. Hurrengoa Abandori eskainiko diote, otsailean. Martxoan egingo dituzte saioak Masustegitik eta Bilbo Zaharretik. Zornotza eta Abusuko elkarteek ere eskatu diete euren auzoetara joateko. Zehaztu gabe daude egunak.

«Auzoei argazkia egin nahi diegu, bakoitzaren nortasuna erretratatzeko», esan du Zabalak. Erretratu hori auzoetan lan egiten duten talde eta elkarteen bidez egin nahi dute. Otxarkoagako Ugarte plazan egon ziren larunbatean, eta Familia elkarteko eta baztertuak laguntzen dabilen Bizitegi elkarteko kideekin mintzatu ziren. Baita Gazte Asanbladarekin, Pa…Ya konpartsarekin eta gazteekin lan egiten duen Tendel taldeko kideekin ere.

Langile auzoa da Otxarkoaga: 1960ko hamarkadan, 114 eraikin altxatu zituzten han, perretxikoak balira bezala. Gabriel Aristik Jainkoa Otxarkoagan jaio zen poema eskaini zion auzoari. Karlos Renedo arkitektoa elkarrizketatu zuten larunbateko saioan, auzoaren inguruko mitoak eraisteko: ustearen kontra, auzoa ondo eraikita dagoela esan zien arkitektoak.

«Bi orduz bertakoekin auzoaz euskaraz aritzea Otxarkoaga batean… hori zoragarria da», esan du Zabalak.

Maiatzaren amaieran egingo ditu irratiak ospakizun handiak. «Harro ikusten dugu orain ia laguntzarik gabe hasi ginela», adierazi du Monasteriok. Hogei urte lanean emanda ere, Bilbo Hiria irratia egoera alegalean dago oraindik ere. Salatu du lizentziak banatzeko azken deialdian «edonori edozer» eman diotela, kontuan hartu gabe orain arte eginiko lana eta lizentzia emateko irizpideak argitu gabe. «Ez digute errespeturik izan oso historia kontagarria dugunoi».

Bilboko irrati panorama «oso tristea» dela esan du Monasteriok. Hiria eremutzat duen euskarazko irrati bakarra da eurena. «Erdarazkoak entzun, eta berdin-berdin izan zitezkeen Almeriakoak [Espainia]». Astean bi ordu baino ez ditu ematen Bilbo Hiriak erdaraz: ordubete galizieraz eta beste bat katalanez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Sarean Zehar #211

ar. Urt 31 , 2017
Aste honetan Samsungekin irekiko dugu saioa, Galaxy S7en baterien ikerketa eta korrupzio arazoak komentatuz. AEBak ere protagonista izango ditugu, Trump presidentearen segurtasun neurri ezegokiak argitaratu dira eta. Komediaren kluba bueltan izango da ere, Espainia 5Grako prestatu behar delako 2018 baino lehen. Sarean Zehar Borja Arbosak eta Iñigo Sendinok egindako saioa […]

Honekin lotuak