Larunbat eguerdian, Bilbo Hiria auzoz auzo ekimenaren baitan, zuzeneko saioa egingo dugu Arangoiti auzotik, 12:00etatik 14:00etara. Bi orduko saioan, Banderas mendiaren magalean kokaturik, itsasoaren mailatik 100-150 bat metrora dagoen auzoa ezagutzeko aukera izango dugu. Egunotan XIII. Euskal Astea ospatzen ari da eta bertatik bertara larunbateko giroa ezagutzeko asmoa izango dugu. Bilboren iparraldeko ikuspegi ederra dago auzotik eta, hain zuzen ere, goialdean egotearen onuren eta kezken inguruan arituko gara, besteak beste. Bihotzaran auzo elkarteko Javi Alfaro izango da gurean. AranLinux elkartearen lana ezagutuko dugu. Alternatiba alderdiko militante den Juan Puerto Morcillo arangoitiarra ezagutzeko aukera izango dugu, Juan Puerto De Calamonte a Arangoiti dokumentala izango dugu mintzagai, Mikel Carramiñana kazetari eta Alternatibako kidearekin. Ekaina bukaeran ospatzen dira Txapel jaiak Arangoitin eta Jai batzordeko kideek jaien nondik norakoak ekarriko dizkigute. Auzoaren bilakaeraren berri Josu Etxebarriak emango digu, Arangoitiko baserrien inguruan jakingarriak emanda. Gainera, maiatzaren 13a izango da Euskal astearen egun handiena. Umeen jolasak, Ondalan erraldoien konpartsa, puzgarriak, euskal dantzak, herri-bazkaria , mus txapelketa… giro guzti horren berri emango dugu.
Aragazkia: arangoitibarrio.wordpress.com/