47 ediziotan Bertso Eguna asko aldatu da, lehen aldiz urte beteko etenaldiaren ostean Mungian ospatuko da. Bertso egunak garai ezberdinak bizi izan ditu, bertsolariak omentzen ziren hasiera batean, ondoren, 1995. urtetik, saio esperimentalak eta tematikoak landu dira eta, orain, beste etapa baten atarian aurkitzen da. Euskal Herri guztian eragin nahi luke Bertsozale Elkarteak, lurraldetasun irizpideari lehentasuna emanez, eta aurrerantzean, herriz herri, ibiltaria izango da ekitaldia. Arnasaldi bat hartu zuen 2017an Bertso Egunak eta 2018an Mungian ospatuko da. Urtarrilaren 27an izango da hitzordua: goizean, mahai-inguru musikatua izango da; eguerdian, bazkaria eskainiko da; eta, arratsaldean, emanaldi nagusia. Jon Agirresarobek eman dizkigu xehetasun gustiak, dagoneko saio eta bazkaritarako sarrera guztiak saldu dituzte. Goizean, mahai inguru musikatua izango da Mugire txokoan. Eguerdian, hiru bazkari paralelo eskainiko dira hiru elkarte gastronomikotan, eta bakoitzean bina bertsolari ariko dira; bakoitzean 60-80 bazkaltiar izango dira. Arratsaldean, 19:00etan izango da eguneko ekitaldi nagusia: Alaitz Rekondoren esanetara ariko dira Amets Arzallus, Manex Agirre, Sebastian Lizaso, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga. Ez dira artista gonbidatuak faltako.
Deskargatu hemen.