Gaurkoan Oier Gorosabel sukarran inguruan mintzatu zaigu. Beharbada sukarra da etxean erabil dezakegun terapia fisikorik indartsuena. Interesgarria da sukarraren zantzu goiztiarrak ezagutzen ikastea: tenperaturak hamarren gutxi batzuk igotzean, hotzikarak sentitzen ditugu. Horrez gain, azala eta giharrak hipersentikor daudela igar dezakegu; hau da, min leun batekin bezala. Buruko kongestioa edo begiak biratzean mina dugula ere igar dezakegu. Horrelako sintomek sukarra etortzear dagoela esaten digute eta, beraz, abantailaz joka dezakegu: alegia, gaixotu aurretik senda gaitezke. Horrelakoetan, bizkorrena sukarrari laguntzea izaten da: ohean goizago sartu eta manta bikoitza jarri, “sukar artifiziala” sortuz. Infekzioak indarra hartu baino lehen kontraerasoa eginda, biharamunean ondo jaikiko gara. Batzuetan ostera, zezenak harrapatu eta konturatu orduko gaixorik egongo gara, 38-39ko tenperaturaz. Zer egin orduan? Kasu horretan ere, bide zuzenena sukarrari laguntzea izango da: ohea, mantak, izerdia eta ur botila.
Deskargatu hemen.