Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan urtean behin errepikatzen den irudia da. Bertan bizi diren jatorri guztietako herritarrak bildu, kultur aniztasunaren aberastasuna agerian utzi, eta elkarbizitza atsegina posible dela erakusten duena. Munduko Arrozak da. Bihar Bilbo Hiria irratiak zuzeneko saio berezia egingo du bertatik bertara. Antolatzaileekin hitz egingo dugu, “Cosiendo futuros” dokumentaleko egileak izango dira, Xake espazioa ezagutzeko aukera izango dugu eta Aua Bilbao Galleryko lagunak batuko zaizkigu saiora. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako taldeen koordinakundeak antolatzen dute urteroko topaketa gastronomiko auzotarra. Oraingoan 16. edizioa ospatuko dute. Auzoko kulturak eta aniztasuna plazaratzeko hainbat ekimen egitearekin batera, auzoek jasaten duten giza-bazterketa ere salatuko dute.