Elhuyar Zientzia Azoka hasi da Bilboko Areatzan: 700 gazte eta 200 proiektu baino gehiago aurkeztuko dira hiru egunetan. Zuzeneko saioa egin dugu guk, bertatik bertara. Elhuyar Zientzia Azokatik Aitziber Lasa antolatzailea izan dugu. Abiatu zenetik izandako aldaketak eta hazkundea aipatu digu, nahiz eta helburu berdinei eusten dien azokak: gazteak zientziara hurbilaraztea, estereotipoak apurtzea eta urte osoan zehar gazteak ikerlariekin aritzeko aukera izatea.
Ondoren gazteak izan dira protagonista eta, haien eskutik, hainbat proiektu ezagutu ditugu. Esaterako, Bilboko Escolapios ikastetxetik aplikazio bat egin dute “inguruan daukaguna ezagutzera emateko”, eta bertan “Zenbat dakizu Bilbori buruz?” galdetzen digute. Iruñeko San Fermin ikastolatik, berriz, ingurumenaren kutsadura aztertu dute. Zornotzako Lauaxetatik “Bisuteria eraldatzen”, bitxiak garbitzeko modu berezia azaldu digu Aroak. Pablok eta Miguelek, berriz, “PET plastikoen degradazioa hidrolisiaren bidez” ikertu dute plastikoen arazoari irtenbidea aurkitu nahian. Basauriko Uribarri ikastetxetik, batetik, Aizane, Irati, Gilen, gauzak garraiatzeko gurdi moduko bat garatu dute, sorbaldako mina ekiditeko. Bestetik, Irati eta Iratxe, emozioen eta efektu fisiologikoen artean dagoen lotura azaldu dute, Arduino plaka baten bidez. Kanboko Xalbador kolegiotik etorri zaizkigu Katixa eta Amane, nerabeak eta sare sozialak gaia aztertu dute, bakoitzak bere taldean. Hizkuntzaren hautuari eta Instagramen erabilerari erreparatu diote hurrenez hurren, nork bere taldean. Amaitzeko, gure gaurko azken partaideak Hondarribiko Talaia BHI institututik Elhuyar Zientzia Azokara etorri diren Eneko eta Lorea izan dira, “energia eskuragarria eta ez kutsatzailea” gaia garatu dute. Eolikoa eta fotovoltaikoa aukeratu zituzten, ikastegian nola ezarri aztertzeko.
Deskargatu hemen.