Gaurko saioan Patagoniatik datorren talde berezi batekin hasiko gara, euren izena Femina da eta euren musika, berriz, Andeetako zaporea daukan folk, rock fusioa dela esan dezakegu. Hoberena entzutea, eta horretarako bi abesti hartu ditugu 2011an kaleratu zuten Deshice de mí diskotik. Morphine-k, Mark Sandman-en taldeak, Cure for Pain diskoa kaleratu zuen1993an. Disko horrek musika ulertzeko modu berezia ekarri zuen, batzuek “low rock” deitu zioten Mark Sandmanen bi sokako baxu sakona zela eta. Taldeak bateria, baxua eta saxoarekin osatzen zuen bere musika, gitarrarik gabe, baina horrek ez zion eragozten soinu indartsua lortzea. Ez zen beste gabe beste talde bat. Dominique A-k bi disko kaleratu zituen 2018an: La fragilité eta Toute Latitude. Bere lan guztiek eraikin sendo baten harriak dira, norabide berean doazenak, eta nolabait, bere osotasunean hartu behar da bere obra guztia. Gaur La Fragilité diskotik bi abesti. Cromm Fallon-en Electric Bloom aletzen jarraitzen dugu saio honetan ere, beste bi abesti LP horretatik. Rafa Ruedaren Hiri Kristalezkoa diskotik bi kantu, disko honetan jauzi handi bat ematen du Rafak, sonoritatean eta produkzioan. Oso disko gomendagarria. Bukaerarako bi klasiko. Lehenbizikoa John Prine. 73 urte beteta The Tree of Forgiveness disko barnerakoiarekin etorri zitzaigun 2018an. Eta bigarrena Blaze Foley “Let me ride in your big Cadillac” abestiarekin.
Deskargatu hemen.