Gaur Amerikako musikaren oihartzun klasikoak dituen disko batekin hasiko gara. Dylan Leblanc-en musika bidegurutze bat da non Neil Young bera egon zitekeen auto stop egiten, sinpleki. Coyote izena du bere azken diskoak eta benetan disfrutatzeko grabazioa da. Hurrengo artista Azkoitiakoa da. Abaunz izenarekin grabatu du Xabier Bastidak 24 abesti biltzen dituen lana, Beire izenekoa. Istorio zikinak, kalean gelditzen den azkeneko biztanlearen burutazio kezkagarriak biltzen ditu bertan. Abesti motzak bezain zuzenak. Ingalaterratik datorren talde batekin goaz orain. Bombay Bicycle Club izen berezia dute, eta ongi datorkie egiten duten musikaren berezitasuna aurreratzeko. My Big Day izena du euren azken diskoak eta bidaia interesgarria proposatzen du, lisergikoa batzuetan, erakargarria beti. Segidan, Rozi Plain musikari britaniarraren minimalismo gozoa entzuteko aukera izango dugu. Bere azken diskoaren izena Prize da eta bere munduan sartzeko ezinbesteko bisita. TXO izen artistikoa erabiltzen du Txomin Larronde musikariak bere grabazioa kaleratzeko. Oraingo honetan, Eklektrikoak izeneko disko luzea gureganatu du. Bertan elektronika ongi erabilia eta herri musika tresnak nahasten dira. Oso gomendagarria. Zer disko ederra egin duen Xabier Zeberiok! Pause izeneko lana giro samurretan murgiltzen zaitu, ukitu zinematografiko batez. Batzuetan, Rodrigo Leao-ren Zinema datorkigu burura, bestetan Goran Bregovic-en lurrezko ahotsak. Oso disko ederra, zinez. Eta bukatzeko, lur hotzetatik datorkigu ondorengo banda. Lost Girls Oslotik datorren bikotea da, euren musikak hango oihartzun urruna dakarkigu. Selvutsletter berrian, zortzi abesti bildu dituzte, pop musikan oinarritutako baina askoz haratago doazen konpozisio ederrekin.
Deskargatu hemen.