Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren, Zinebiren 62. edizioaren nondik norakoak aurkeztu dituzte. Ohi den bezala, jaialdiak hainbat sail nagusi izango ditu: Nazioarteko Lehiaketaren Sekzio Ofiziala, zuzendari berrien lanari eskainita dago eta bi lehiaketatan banatuta dago: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF-Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa; Beautiful Docs, dokumentalaren nazioarteko panorama eskaintzeko; eta Bertoko Begiradak-Miradas Desde Euskadi, Euskal Herriko ikus-entzunezkoei eskainitako sekzioa. Aurtengo egitaraua oparoa da; 36 herrialdetako 121 film aurkeztuko dira guztira, 89 film labur, bost film ertain eta 27 film luze zehazki. Ohorezko Mikeldi sariei dagokienez, aurten film laburretatik eta dokumentaletik abiatuta ibilbide oparoa egin duten bi zinemagile handik jasoko dituzte: Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaia belgikarrak. Bestetik, 80ko eta 90eko hamarkadetatik Bizkaiko zinemaren aitzindari izan diren bi emakumezkoren lana ere aitortuko du Zinebik: Ana Murugarren zuzendari, gidoigile eta muntatzailearen lana batetik, eta Maria Eugenia Salaverri idazle, gidoigile eta ekoizlearena bestetik.
Deskargatu hemen.