Iragan asteazkenean oso bisita interesgarria izan genuen Bilbo Hiria irratian, izan ere, Garabide Kultur Elkarteak antolatutako Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren baitan, munduko 13 komunitatetatik etorritako 18 hizkuntza-aktibistaren bisita jaso genuen. Irailaren 20an heldu ziren Euskal Herrira eta sei astez ibiliko dira euskaren sustapenean lanean dauden elkarte eta erakundeekin, haien esperientziak partekatzen. Asteazkenean, Bilboko Zenbat Gara elkartearen txanda izan zen: Bilbon egiten duguna ezagutzeko para izan zuten, eta, aurreko bisitetan gertatu bezala, elkartruke polita izan zen, oso esperientzia interesgarriak ordezkatzen dituztelako eta oso galdera onak egin zizkigutelako, gure jardunaren eta gure kezken inguruan. Gabriel Aresti euskaltegia ezagutu, Kafe Antzokian bazkaldu eta gero Bilbo Hiria irratia ezagutu zuten. Mikrofonoen aurrean, euren buruak banan-banan aurkeztu eta gure entzuleak agurtu zituzten, nork bere hizkuntzan.
Hurrenez hurren, hizkuntza hauek entzungo ditugu hemen: Guatemalako kaqchikel maia eta Mexikoko Yucatango maia, Boliviako guarania eta, Brasilgo Amazoniako axunica, Ekuatore Gineako bubi, Txileko mapudungun, Argentinako guarani corrientinoa, Errifeko tarifit amazigha, Ekuadorreko Kitxua, kurdua, Oaxacako mixe, Kolonbiako nasa yuwe, Boliviako kitxua eta Haitiko kreolera.
Deskargatu hemen.


