Munir Marjieh-ek Al Quds unibertsitateari lotutako Jerusalemgo Komunitate Ekintza Zentroan lan egiten du, nazioarteko sentsibilizazio arloan batez ere. Euskal Herrian dago egunotan, CAF enpresa ekialdeko Jerusalemen Israeldar okupazioaren alde jokatzen ari den rola azaltzeko, izan ere, Beasainen egoitza duen euskal multinazional hori parte hartzen ari da Mendebaldeko Jerusalem hiriaren ekialde okupatua eta bere aldirietan legez kanpo eraikitzen ari diren kolono juduen kokaguneak konektatu asmo duen tranbiaren eraikuntzan. Gontzal Martinez de la Hidalga internazionalistak lagunduta hurbildu da Munir gure estudiora.
2019ko abuztuan, Israelgo Finantza Ministerioak partzuergo bat hautatu zuen, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) euskal enpresak eta Shapir azpiegitura-enpresa israeldarrak gidatuta, Israelek lurralde palestinar okupatuan dituen legez kanpoko kolonia-kokalekuei zerbitzua ematen dien trenbide-sarea zabaltzeko, Jerusalem Light Rail (JLR) izenekoa.
Hainbat gizarte eragilerekin bildu da Munir, baita sindikatuekin ere, eta datorren larunbatean, multinazionalak egingo duen akziodunen biltzarrean hitza hartzeko aukera izango du. Berak azaldu digunez, nazioarteko legediak debekatzen du lurralde okupatuetan okupatzailearentzako azpiegiturak eraikitzea. Kontua larria da, are gehiago, palestinarrek bertan bizi duten apartheid egoeran eta kolonoengandik pairatzen ari diren eraso gero eta ugariago eta larriagoak kontuan hartuta, Israelen Gazan egiten ari den sarraskia ez aipatzearren. Beraz, CAF, okupazioa egonkortzen laguntzen, zigorgarria den jarduera batean sartu da proiektu horretan parte hartzen. Horrez gain, bere esanetan, CAF, Saphirren legez kanpoko lanetan kolaboratzen duenez gero, dirua zuritzen ari da, hau da, legez kanpoko jardueretatik (nazioarteko legearen arabera) sortutako dirua legeztatu edo, bestela esanda, zuritu egiten du CAFek nazioarteko merkatuan.
Deskargatu hemen.

