Azken hilabeteetan, Euskal Herriko sindikatu guztiek azpimarratu dute beharrezkoa dela Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) igotzea. Gaurko saioan, Lanaren Ekonomia programaren 9. denboraldiko lehen atalean, euskal LGS propioa ezartzearen aldeko argudio nagusiak eta sindikatuen artean dauden ikuspegi taktiko zein estrategikoen aldeak aztertu ditugu. Testuingurua kokatzeko, Hordago-k argitaratutako artikulua hartu dugu abiapuntu: bertan nabarmentzen da Espainiako Gobernuak ezarritako LGSa euskal soldatapeko langileen %2,9k baino ez duela jasotzen, eta kolektibo horren laurden bat etxeko langileak direla. Hala ere, eztabaida irekia da oraindik. LGSaren igoerak arrisku batzuk ere ekar ditzake, batez ere inguruko herrialdeen joerekin bat ez badator: deslokalizazioak eragin ditzake, eta soldata baxuko lanpostu batzuk desagerrarazteko aukera ere badago. Teoriaz harago, Euskal Herrian lan harremanei buruzko gatazka orokorrago baten baitan kokatzen da LGS propioa ezartzearen aldarria. Horri buruz sakontzeko, bi aditu izan ditugu gurean: Aitor Murgia (ELA Sindikatuko Azterketa Bulego eta Ingurumen arduraduna) eta Iñigo Garduño (CCOO Euskadiko Ekintza Soziopolitiko eta Komunikazio idazkaria). Saioaren amaieran, Urko Apaolazarekin batera Argia atalari ere egin diogu tartea.
Deskargatu hemen.
