Gure Esku Dagok ‘Erabakitzeko Prest’ lelopean deitutako mobilizazioarekin milaka lagunek egin dute bat larunbatean eta Bilboko Eliptika eta Euskadi plazen arteko ibilbidea jendez bete dute galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia osatuz.17:30etan abiatu da hautetsontzi erraldoia, galdera ikurraren puntutik Euskadi plazara Nafarroako kideen eskutik, beraiek baitira hurrengo igandean, ekainaren 18an, galdeketen lekukoa hartuko dutenak. Ordu erdi inguruan iritsi da hautetsontzia Euskadi Plazara. Jordi Cuixart Kataluniako Omnium Culturaleko presidentea izan da lehena hitza hartzen. “Hau ez da banderen kontua, guztion artean gizarte justuago bat eraikitzea baizik”. Babesa eta elkartasuna adierazi dizkie euskal herritarrei: “Ziur gaude euskaldunek ere posible izango duzuela erabakitzea. Ez etsi, hautetsontzien ordua da.” Jarraian Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasek hartu dute hitza. Gogora ekarri dute Gure Esku Dago helburu batekin sortu zela: “Euskal Herrian herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea”. Erabakitzeko baldintza egokiak sortzeko, korapiloak askatu eta adostasun zabalak lortu beharko direla gehitu dute. Horretarako, Herritarron Ituna tresna eraginkorra izango dela nabarmendu dute.
Deskargatu hemen.