BILBOKO KRONIKA TXIKIAK: Bilbo hiriaren senideak

Gurasoak, neba-arrebak, aitona-amonak, osaba-izebak… Nork gehiago, nork gutxiago, denok ditugu senideak. Eta jendeak bezala, herriek eta hiriek ere badituzte senideak. Herri eta hiri batzuek lotura handiak edukitzen dituzte elkarren artean historia, kultura, industria edo ekonomiaren aldetik. Herri eta hiri horiek azkenean formal bihurtzen dituzte beren lotura eta harremanak, eta orduan senidetuta daudela, hiri senidetuak direla esaten dugu.

Bilbo bere portutik munduari irekita egon da aspalditik, eta hortik lotura eta harreman handiak eduki ditu munduko hiri askorekin. Gaur egun Bilbo hamar hiri hauekin senidetuta dago: Buenos Aires eta Rosario (Argentina), Valparaiso (Txile), Medellin (Kolonbia), Bordele (Frantzia), Praga (Txekia), Qingdao (Txina), Tbilisi (Georgia), Pittsburgh (Amerikako Estatu Batuak) eta San Adriá de Besós (Katalunia).

Bistan denez, Hego Amerikakoak lotura historikoak dira. Aurreko mendeetan milaka eta milaka euskaldun joan ziren Amerikara fortuna bila, eta haietako asko han gelditu ziren betiko. Ondoko datu honek argi erakusten du euskal emigrazioaren garrantzia: Argentinako biztanleen %10ek euskal deituraren bat dauka.

Bordele, Frantziako Bordeaux hiriaren euskal izen zaharra. Bordele Frantziako hego-mendebaldean dago, Euskal Herritik oso hurbil, eta horregatik euskaldunok harreman handiak eduki ditugu berarekin. Adibidez, XVI. mendean Euskal Herrian inprimategirik ez zegoenez, euskarazko lehen liburuak Bordelen inprimatu ziren.

Qingdao hiria askoz urrunago dago, Txinan, Shandong penintsulan, Korea parean. Zazpi milioi biztanleko hiri handi honek oso portu garrantzitsua dauka. Hara milaka itsasontzi heltzen dira munduko portuetatik, eta milaka itsasontzi irteten dira munduko portuetara. Bilbora ere bai, noski.

Senide batzuk elkarren antzekoak izaten dira. Batari eta besteari begiratu eta berdinak iruditzen zaizkizu. Hiri senidetuekin berdin gertatzen da. Bilboren kasuan, Pittsburgh da hiri senidetu antzekoena. Bilbok bezala, Pittsburghek hirurehun mila biztanle baino gehiago dauka; Bilbon bezala, bere industria burdinari lotuta egon zen; Bilbon bezala, hirigintza plan batek goitik behera aldatu zuen hiriaren itxura; eta Bilbon Guggenheim museoak bezala, han Andy Warhol museoak jende asko erakartzen du urtero.

Beraz, Bilbon inoiz hiri horietako bisitariak ikusten badituzu, emaiezu ongietorri beroa eta ondo-ondo tratatu, gure senideak dira eta.

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Inor ez da kroketa bere herrian: Litxarreriak

ol. Mai 22 , 2020
Inor ez da kroketa bere herrian gaurko saioan Litxarreriak protagonista. Zer dute hain erakargarri? Zergatik kolore bizi horiek?  begietatik sartzen zaizkigu? Gozogintzan, litxarreria azukre eduki handia duten janari multzo bat da, tamaina txikikoak eta maiz kolore bizikoak, hala nola gozokiak, makil-goxoak eta bonboiak. Nutrizioaren aldetik, karbohidratoen proportzio handia dute eta […]

Honekin lotuak