BILBOKO KRONIKA TXIKIAK: Berebar taberna

Askotan joaten naiz San Frantzisko kaleko Berebar tabernara. Lagun batekin gelditzen naiz han. Tea eskatzen dugu biok, eta berriketan hasten gara honetaz eta hartaz. Tea benetan gozoa da Berebar tabernan. Mendafin orriekin eta azukre askorekin zerbitzatzen dizute. Oso merkea da, gainera; euro bat baino ez du balio.

Hitz joko polita da Berebar izena. Bereber eta bar hitzak biltzen ditu. Beraz, bereberren taberna da. Eta egia da, jabea eta zerbitzari guztiak bereberrak dira eta. Dena den, haiei ez zaie izen hori gustatzen, arabiarrek mespretxuz deitzen dietelako bereber. Arabiarrek esaten dute amazighek ez dakitela arabieraz ondo hitz egiten eta ber-ber egiten dutela, hau da, totelka hitz egiten dutela.

Haiek, baina, amazighak dira, eta beren hizkuntza dute: amazigera. Amazighak Afrika iparraldean bizi dira. Asko dira, 60 milioi inguru, eta badira lau mila urte han bizi direla, arabiarrak eta islama heldu baino askoz lehenagotik. Amazigh hitzak «jende askea» esan nahi du, baina, zoritxarrez, ez dira askatasunean bizi, arabiarrek zapalduta baizik. Debekatuta dituzte beren hizkuntza eta kultura.

Dirurik eta askatasunik gabe, amazigh gazteek Europarako bide gogorra hartzen dute, bizimodu hobe baten bila. Asko itsasoan itotzen dira, eta beste asko Europara heltzen dira. Euskal Herrira ere bai. Bilbora ere bai. Bilbon, Berebar tabernara joaten dira gehienak. Han babesa eta laguntasuna aurkitzen dituzte beti. Eta gose badira, janari beroa ere bai.

Baina ez haiek bakarrik, orain kontatuko dudanez. Lehengo egun batean, laguna eta biok, beti bezala, tea hartzen ari ginen bertan. Halako batean, gazte zuri musugorri ilehori bat sartu zen. Bizkarrean motxila handia zeraman, buruan kapela eta oinetan mendiko bota lodiak. Gazte bidaiazale globetrotter horietako bat zen. Ez dakit nongoa zen, baina, itxuraz, ingelesa edo alemana ematen zuen.

Gazte zuriak motxila lurrean utzi eta hauxe esan zion tabernariari ingelesez: «I´m hungry, but I have no money», hau da, «Gose naiz, baina ez dut dirurik».

Tabernariak orduan, ezer galdetu gabe, mahai batean esertzeko esan zion eta arkumez eta patataz beteriko plater bat eraman zion.

Lagunak eta biok gauza bera pentsatu genuen orduan: Bilboko zenbat tabernatan emango zioten dohainik jaten gazte amazigh bati?

Deskargatu hemen.

One thought on “BILBOKO KRONIKA TXIKIAK: Berebar taberna

  1. Bereber grekeraren barbaros-etik dator eta hark bai, jatorri onomatopeyikoa du, destainez, “gaizki hitz egiten duena” seinalatzeko, baina latinak, ingelesak gaztelerak eta beste hainbat hizkuntzek ere jasotzen dute hitz hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

BILBOKO KRONIKA TXIKIAK: Bilbotarrak eta txinbotarrak

al. Mai 4 , 2020
Gaur alde batera utziko dugu Bilboko soziologia, bertako zoologian murgiltzeko. Bilbok, eduki ere, badaukalako bere fauna. Eta Botxoaren inguruak porlanez, etxez eta kalez beteta ez zeudenean, askoz fauna ugariagoa zeukan. Dena den, fauna horretan erregea txoritxo bat izan da beti: txinboa. Txinboa Sylviidae familiako txoria da, Europako lurralde epeletan bizi […]

Honekin lotuak