BILBOKO KRONIKA TXIKIAK: Zazpikaleak eta turismoa

Bilboko Zazpikaleak ederrak eta bereziak iruditu zaizkit beti, baina azken urteetan, Donostiako edo Biarrizko alde zaharrek bezala, okerreko bidea hartu dutela uste dut. Bertako kale eta plazetan gero eta turista gehiago dabilenez, auzoa bere nortasuna galtzen ari da egunetik egunera.

Betiko denda eta tabernen ordez, denda transnazionalak, taberna frankiziak eta souvenir edo oroigarri saltokiak zabaldu dituzte bata bestearen ondoan, eta dagoeneko zaila da Zazpikaleetan bertoko dendarik edo tabernarik aurkitzea. Turistak, hala ere, pozik dabiltza denda horietan Europako edozein hiritan dauden arropa berberak erosten, taberna frankizietan “pintxoa eta txakolina˝ bost euroan ordaintzen eta souvenir modura Puppy txakurraren irudia duen postala erosten.

Turismoak goitik behera aldatu du Zazpikaleetako jendearen bizimodua. Dena turismoari begira dagoenez, tabernetan eta dendetan prezioek gora egin dute. Bai, Zazpikaleetan orain garestiagoa da dena. Etxebizitzak, bereziki. Egia esan, ez dago etxebizitza asko salgai, ia guztiak turistei alokatzen zaizkielako. Horren ondorioz, etxebizitza turistiko mordoa dago. Gainera, asko eta asko legez kanpokoak dira, baina turistaz beteta egoten dira udan nahiz neguan.

Turismoak traba handiak ekarri dizkie auzokideei: turista taldeek auzoko toki onenak hartzen dituzte; hotel eta ostatu piloa eraiki dute; taberna eta jatetxe gehienek haiei begira lan egiten dute; eta etxebizitzetan egun gutxiko bisitari horiek oihuka eta zarataka ibiltzen dira gaueko ordu txikietaraino. Gauzak horrela, Zazpikaleetako jende asko auzotik alde egitera behartuta egon da.

Orain dela gutxi arte, Zazpikaleak bizitasun handiko merkatalgunea izan dira. Eta beste garai batean, hain aspaldi ez dela, Europako aire zabaleko merkatalgunerik handiena ziren Zazpikaleak. Orduan han baziren hamaika denda eta dendatxo, eta haietan denetarik erostea zegoen, sagar batetik hasi eta etxeko altzari dotoreetaraino. Saltzaileek eta erosleek elkar ezagutzen zuten, eta salerosketetan bata besteaz fidatzen ziren. «Dendaz bete dituzte Bilbon zazpi kale», idatzi zuen Gabriel Arestik bere bertso ezagunetan.

Bilboko Zazpikaleak bertako auzokideenak dira, baina bilbotar guztionak ere badira, gure hiria han jaio zelako eta han dagoelako bere bihotza. Horregatik, ondo-ondo zaindu beharko genuke denok kale eder horien nortasuna. Baina gure agintariek turismo merke, inozo eta zentzugabe hori nahiago dute. Azkenean Gabriel Arestiren bertsoa apur bat aldatu beharko dugu, nik uste. Honela: «(Agintariek) turistaz bete dituzte Bilbon zazpi kale, / inoiz ez dute eman pausorik debalde, / borrokatzen baitute diruaren alde».

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

IRAKURKETA HAUTATUAK: OTURUNTZA (JULIO RAMON RIBEYRO)

ar. Mai 19 , 2020
Peruko idazle handi hau ez da, segur aski, behar bezain ezaguna, baina, kritikari askoren iritzian, haren ipuinak Julio Cortazar edo Jorge Luis Borgesenak bezain onak dira. Irakurketa honetarako Oturuntza izeneko ipuina hautatu dugu, burges aberatsen eta politikari ustelen arteko lotura eta harreman interesatuak agerian uzten dituena. https://bilbohiria.com/docs2/2020/Ibaizabal/200508_IRAKURKETA_11_OTURUNTZA%20(Julio%20Ramon%20Ribeyro).mp3 Deskargatu hemen.

Honekin lotuak