BILBOKO KRONIKA TXIKIAK: Liburu dendara noa

Gaur, lanetik irten naizenean, liburu dendarako bidea hartu dut. Berria egunkarian oso kritika ona irakurri dut liburu bati buruz, eta erosi egin nahi dut. Kale Nagusian gora joan naiz betiko liburu dendarantz, eta halako batean lagun batekin topo egin dut. Batak bestea agurtu ondoren, «Nora zoaz?», galdetu dit lagunak; «Liburu dendara noa», erantzun diot nik; eta orduan, harrituta bezala, lagunak esan du: «Liburu dendara? Zertara, baina?». Eta orduan neu harritu naiz: «Zertara joango naiz, ba, liburu dendara, liburu bat erostera ez bada?».

Laguna joan denean, triste gelditu naiz. Triste eta pentsakor, hauxe pentsatu dudalako: «Zenbat dira, nire laguna bezala, liburu denda batera inoiz joaten ez diren pertsonak?». Eta erantzuna biribila izan da: «Asko. Gehienak». Eta orduan beste galdera bat egin diot neure buruari: «Eta zergatik ez dira liburu dendetara joaten?». Baina galdera horren erantzuna ez da hain biribila izan.

Dena den, liburu dendara bidean pentsatzen jarraitu dut eta pentsamendu hau etorri zait burura: «Egia esan, gaur egun liburu dendak tenpluak dira, elizak edo meskitak diren bezala. Elizetara eta meskitetara sinestunak, fededunak bakarrik joaten dira, eta liburu dendetara berdin; haietan liburuzale fededunak bakarrik aurkituko dituzu, eta horiek ez dira asko».

Ikus-entzunezkoen garaian bizi gara, eta liburua asko sufritzen ari da. Egia da ikus-entzunezkoek abantaila handiak dituztela liburuaren aldean, baina desabantailak ere bai. Adibidez, telebista-eta guztiz pasiboak dira; dena eginda ematen dizute. Liburuak, ordea, aktiboagoak dira; zuk irudikatu behar duzu, zuk imajinatu behar duzu idazleak kontatzen duena.

Liburuak balio handiak ditu oraindik. Liburu bat eskuetan hartu eta zure munduan sartzen zara. Mundu horretan munduko gauza zahar eta berriak ikusten eta ikasten dituzu; zuk bezala eta zuk ez bezala pentsatzen duen jendea ezagutzen duzu; tokitik mugitu gabe, bidaia ederrak egin ahal dituzu urruneko lurraldeetara; iraganera joan ahal zara, eta gauzak nola gertatu ziren ikusi; eta etorkizunera ere joan ahal zara, eta ez dakit noiz nola biziko garen asmatu; irakurketan zure iritzi eta kritikak lantzen dituzu; eta, batez ere, erlaxatzen zara eta ederki pasatzen duzu.

Liburua erosi dut eta etxera joan naiz. Han betiko besaulkian jesarri eta irakurtzen hasi naiz. Idazlea, Charles Nodier; eta liburuaren titulua: Liburuen maitalea. Oraingoz gustatzen ari zait. Beharbada, nire lagunari oparituko diot bere urtebetzerako…

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

IRAKURKETA HAUTATUAK: Herri honetan zerbait larri gertatuko da (Gabriel Garcia Marquez)

al. Mai 11 , 2020
Gabriel Garcia Marquezen ipuinak ez dira bere eleberriak bezain ezagunak, baina, hala ere, haien artean ere bada ale ederrik. Oraingoan dakargun honako hau, esaterako. Erroa argitaletxeak Bertoko eta bertako ipuin laburrak izenburupean egindako ipuin laburren antologiatik atera dugu. Covid 19aren izurrite hau dela eta, ipuin aproposa izan daitekeelakoan gaude, ederki […]

Honekin lotuak