BILBOKO KRONIKA TXIKIAK: Bilbotarrak eta txinbotarrak

Gaur alde batera utziko dugu Bilboko soziologia, bertako zoologian murgiltzeko. Bilbok, eduki ere, badaukalako bere fauna. Eta Botxoaren inguruak porlanez, etxez eta kalez beteta ez zeudenean, askoz fauna ugariagoa zeukan. Dena den, fauna horretan erregea txoritxo bat izan da beti: txinboa.

Txinboa Sylviidae familiako txoria da, Europako lurralde epeletan bizi dena. Txinboak moko grisa dauka, bizkarrean luma arreak (marroixkak) eta sabelaldean zurixkak. Txinbo mota asko dago: baso txinboa, sasitxinboa, txinbo kaskabeltza, eta abar. Txinboa lehen oso ugaria zen Bilbo aldean, eta oraindik Artxanda, Arnotegi, Pagasarri eta inguruko mendietan ikusten da.

Txinboaren haragia biguna eta gozoa da, eta bilbotarrentzat oso preziatua izan da beti. Horregatik, joan den mendean, bilbotarrak igande goizetan txinboak harrapatzera joaten ziren. Lehenik, elizara joaten ziren, eta gero, meza entzun ondoren, eskopeta eta txakurra hartu eta Abando, Begoña eta Deustuko landa eta menditxoetara joaten ziren txinbotan. Beraz, txinbo ezizena hortik datorkie bilbotarrei.

Txinbo izenak eta ohitura honek arrasto handia utzi dute Bilboko bizitzan. Adibidez, txinboak harrapatzeko eskopetari txinbera esaten zitzaion orduan, eta gaur egun perdigoiak botatzen dituen eskopetari horrela deitzen diogu.

XIX. mendean, 1863an, Tapia Ugarte anaiek «Chimbo» xaboia egiteko lantegia eraiki zuten Deustuko Erriberan. Gero, Zorrotzara eraman zuten lantegia, eta han egon da 1988ra arte. «Chimbo» xaboia ederto saldu zen hasieratik, alde batetik, Estatuan zati trokelatutan egiten zen lehen xaboia izan zelako eta, bestetik, berdin balio zuelako arropa nahiz gorputza garbitzeko.

Bestalde, garai berean, XIX. mendearen erdian, Chimbito izeneko ontzia industriako langileak itsasadarraren ondoko herrietara garraiatzen hasi zen. XX. mendean, 70eko urteetan hasi eta oraintsu arte, Chimbito izeneko beste bi ontzik denbora-pasako txangoak egin dituzte itsasadarrean zehar.

Joan den mendearen erdialdean bilbainadak oso modan egon zirenean, Los Chimberos izan zen musika talde ezagunena Botxoan. Izen hori aukeratuta, benetako bilbotarrak zirela adierazi nahi zuten. Los Chimberos-ena da orain azpitik entzuten ari garen kanta.

Eta «Chimbo» xaboia egiten zen auzo berean, Zorrotzan, Txinbotarrak konpartsa jaio zen orain dela urte asko, auzo jator horren alaitasuna eta bilbotartasuna erakusteko.

Beraz, orain badakizu bilbotarrok zergatik garen txinbotarrak.

 

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

11 Ispilu: Perfect day (Lou Reed) #bertsioak

al. Mai 4 , 2020
Gaurko saioan Lou Reed kantaria izan du hizpide Rafa Ruedak. Erreferente handienatako musikaria ekarri du bertsio saiora. “Perfect Day” Lou Reedek 1972an idatzitako abesti bat da. Bere ospea 1990eko hamarkadan handitu zen, 1996ko Trainspotting filmean aurkeztu zenean, eta, ondoren, 1997an karitateko single bezala kaleratu zen. Abestiaren letra ohiko maitasun debozio […]

Honekin lotuak