Gaur goizean Taupa euskaltzaleen mugimenduak ekintza komunikatiboa burutu du Euskal Herriko lau hiriburutan. Euskararen erabilera sozialean eragiteko beharra azpimarratu du eta herritarrak Taupan saretzeko deia egin du. Bilboko kasuan, Guggenheim Museoko “Puppy” eskulturaren ondoan, gorriz jantzitako aktibistek heliozko globoak puztu eta euskararen erabilerari buruzko kontzientzia zabaltzeko “Txakurrari euskaraz eta lagunari ez?” leloa zeraman pankarta haizatu dute. Aldi berean Gasteizen, Iruñean eta Miarritzen ere antzeko ekintzak egin dituzte, bestelako leloekin, “euskararen erabilera erdigunean jartzeko”, Bilboko ekintzan hitza hartu duten Irati Iciarren eta Jon Zapataren esanetan.
Taupako kideek adierazi dutenez “hau ez doa ongi” eta egoeraren larritasuna nabarmendu nahi izan dute: “urteak daramatzagu geldialdi egoeran, datu soziolinguistikoan ez atzera ez aurrera, hainbat gunetan euskararen galera prozesuak aurrera jarraitzen du eta, lurraldeka, eremu askotan euskaldunok euskaraz bizitzeko baldintza duinik ez dugu”, ohartarazi dute.
Deskargatu hemen.

