Gaurko saioan intimitatean, distira elektronikoan eta rock ilunagoan barrena ibiliko gara, bistakoa dena baino gehiago entzun nahi dutenentzako disko sorta batekin. Lehen gonbidatua Mugan izango da, Bizitza ozen denean I lanarekin; Donostiako taldeak rock garaikide eta melodiatsuaren aldeko apustua egiten du. Sei urteko ibilbidean estudio eta zuzeneko lanen artean egindako bidea laburbiltzen dute I eta II bolumenek. Ondoren, My New Band Believe proiektuaren izen bereko diskoan murgilduko gara. Black midi taldeko baxu-jotzaile ohia den Cameron Pictonek gidatzen duen banda ireki honek bere lehen lana aurkeztu du. Folk akustiko hiperprogresibo eta hipnotikoa. Hortik oso gertu sumatzen dugu Iban Martin nafarraren Zaurietan Lore diskoa, nahiz tonuz askoz biluziagoa izan. Lehen bakarkako EPa da, lau abestiz osatua; gitarra eta ahots hurbilak dira ardatz. Segidan, argi eta itzal elektronikoetara pasatuko gara Tomoraren Come Closer diskoarekin. Tom Rowlands (The Chemical Brothers) eta AURORA elkartzen dituen supertalde honen debutak pop elektroniko zabal eta emozionala eskaintzen du, paisaia etereoekin; ahots bereizgarriak eta sintesi analogiko beroak batera doaz. Gero, etxeko lurretara itzuliko gara Bertzesfer taldearen izen bereko diskoarekin. Andoaingo hirukoteak gitarra eta ahotsetan oinarritutako rock ilun eta atmosferikoa egiten du. Konposizio luzeetan kiribiltzen diren pasarteek harrapatuko zaituztete. Amaitzeko, Basement britainiarren Wired entzungo dugu. Zortzi urteko isilaldiaren ondoren kaleratutako disko honek taldearen “hard reset” modura funtzionatzen du.
Deskargatu hemen.
