ZIENTZIALARI: Arriskuan diren mustelido eta gautxorien behaketa (Jabi Zabala)

Jabi Zabala Albizua izan dugu gaurko zientzialari saioan gonbidatu. Zoologoa da bera, irakaslea eta ikertzailea Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Farmazia Fakultatean eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa izeneko masterrean ere irakaslea da. 1998an biologian lizentziatua,  lizentziatura sari ezohikoa jaso zuen 2001ean eta 2006an doktorego tesia aurkeztu zuen “Distribution and spatial ecology of semi-aquatic mustelids (carnivora mustelidae) in Biscay” goiburupean.

Jakinminak bultzatu zuen Jabi Zabala, txikitan, animaliak ikertzera, aitaren eskutik mendira egindako txangoetan piztutako jakinminak. Bisoi europarraren egoera larria ikertu zuen duela urte batzuk, izan ere, Euskal Herria du azken gotorlekuetako bat bisoi europarrak, gizakiok duela hamarkada batzuk sartutako bisoi amerikarrarekiko lehia zuzenean eta gizakion presiopean. Oso egoera kezkagarrian dago espeziea gurean, izan ere, 250 ale inguru geratzen dira, orotara, estimazioen arabera.  Behaketarako zailtasunak gorabehera, arrastoen bidez eta jarraipen gailuen bidez jarraitzen dira haien mugimenduak. Mozolo europarrak Bizkaian duen egoera ere ikertu Zabalak, eta, orain, beste aztergai bat du esku artean: merkurioak faunan duen eragina. MONIMER proiektuan merkurioak kate trofikoan duen presentzia monitorizatzeko sistema garatzen ari dira eta, horretarako, Almadenen (Ciudad Real, Espainia) mendeetan zehar ustiatu diren merkurio meategien eragin pozoigarria landare eta animaliengan aztertzen ari dira, monitorizazio sistema osatu eta antzeko gune kutsatuetan erabiltzeko xedearekin. (Argazkia: Zoofanatic. CC lizentzia, Wikimedia).

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Honekin lotuak