Oraingoan gauza berezia proposatu nahi diegu Bilbo Hiria irratiaren entzule lagunei. Gurekin batera Euskal Herrian zehar bidaia bat egin dezazuen proposatu nahi dizuegu. Bidaia bitxi samarra izango da baina. Zergatik bitxia? Bada, matematika lagun hartuta ibiliko garelako Euskal Herrian barrena. Horixe, zenbakiek bideratuko gaituzte bidaia berezi honetan. Eta bidaiatxoaren bukaeran hobetoxe ezagutuko dugu denok Euskal Herria, zenbakitan bada ere.
Euskal Herriak 20.947 km2-ko azalera dauka. Azaleraren aldetik, Esloveniaren parekoa da gure herria. Zazpi euskal herrialdeetatik Nafarroa da handiena. Bere 10.421 km2-ekin, Euskal Herriaren azaleraren erdia hartzen du Nafarroak. Lurralde txikiena, ostera, Zuberoa da, 815 km2 besterik ez baitauka.
Euskal Herriak 225 kilometroko kostaldea dauka Bizkatik Lapurdiraino eta bertan 104 hondartza daude. Beren urak Bizkaiko Golkora isurtzen dituzten ibaien artean Ibaizabal da euskal lurretatik ibilbide luzeena egiten duena: 75 km. Euskal Herriko lekurik garaiena Pirinioetan dagoen Hiru Erregeen Mahaia gailurra dugu 2.428 metrorekin.
Euskal Herrian 2.905.000 pertsona bizi dira, guztira. Lurralderik jendetsuena Bizkaia da. Zehazkiago esanda, euskal biztanleriaren herena Bizkaian bizi da: 1.123.000 biztanle. Zuberoa dugu lurralderik txikiena, biztanleriaren aldetik ere, bertan 15.500 pertsona besterik ez baitira bizi.
Euskal Herrian, orotara, 683 udalerri daude eta biztanle gehienak hiriburuetan bizi dira, noski. Euskal herritarren herenak hiriburuetan bizi dira. Bilbok, adibidez, 360.000 biztanle ditu; Gasteizek 216.000; Iruñeak 185.000; Donostiak 180.000 eta Baionak 45.000. Gaur egun euskal herritar gehienak (%60) 20.000 biztanle baino gehiagoko herrietan bizi dira.