BILBAOTIK EUSKAL HERRIRA (6. atala): Baserria, bizitoki hutsa baino askoz gehiago

1

Saratxoko baserria (Amurrio)Euskal gizartean baserria bizitoki hutsa baino askoz gehiago izan da beti. Baserria euskaldun jendearen bizitzaren oinarria zen,zalantzarik gabe; etxea eta beraren ondasunak –etxaldea– gauza guztien gainetik zeuden.

Testuaren  audioa entzuteko klikatu hemen:  https://www.bilbohiria.com/docs/podcast/bilbaotik/bilbaotik6.mp3

Baserria arbasoengandik datorkigu. Guri gurasoek eman digute eta guk geure ondorengoei utziko diegu. Beraz, etxearen bide luze horretan gu urrats bat besterik ez gara. Horregatik, etxea ez da gurea, gu etxearenak baizik.

Baserriak badauka bere nortasuna eta izena ere badauka, etxekoek hartzen dutena. Sortetxean oraingo biztanleak ez ezik, noizbait etxetik irten zirenak ere bizi dira, hau da, hildako senideak eta familia egin gabe kanpoan bizi direnak.

Baserria leku ia sakratutzat jotzen zuten lehengo euskaldunek. Adibidez, hilerria izan da luzaroan baserria. Duela urte gutxira arte, bataiatu gabe hiltzen ziren haurrak baserriko teilatuaren hegalpean lurperatzen zituzten, etxekoen ondoan egon zitezen. Baserri bakoitzak bere jarlekua dauka elizan, eta Bizkaiko Foruan, elizari bezala, baserriari ere asilo eskubidea aitortzen zitzaion eta bertan ezin zen inor atxilotu.

Etxekojauna edo etxekoandrea izateak garrantzi handia zeukan euskal gizartean eta titulu horrek herriko batzarretan, auzolanetan eta bestelako zereginetan parte hartzeko eskubidea ematen zien.

Hiltzen direlarik, gurasoek ez dute sekula ere baserria seme-alaben artean banatzen. Seme edo alaba bakoitzak lur puska bat hartuko balu, ez luke bizitzeko nahikoa izango eta, horretara, baserria suntsitu eta desagertu egingo litzateke. Horren ordez, gurasoek seme-alabetako bat aukeratzen dute etxerako, normalean zaharrena –oinordekoa, premua edo maiorazgoa–. Gainerako seme-alabek bizimodua kanpoan bilatu beharko dute, baina ezkontzen ez baldin badira, baserrian bizitzen jarraitu ahal izango dute oinordekoari etxeko lanetan laguntzen.

Ipar Euskal Herrian Frantziako Iraultzak (1789) erabat debekatu zuen ondoriotasun molde hau. Harrezkero, seme-alaba guztiak berdinak ziren legearen aurrean eta, hortaz, guztien artean banatu beharra zegoen etxaldea. Jakina, honek arazo larriak ekarri zizkion euskal gizarteari. Geroztik, legea betetzeko, baserria zatitu egiten zuten, bai, baina gero oinordekoak merke-merke erosten zien beren partea neba-arrebei, etxaldearen batasunari eusteko.

Kasu guztietan irizpide berbera nabari da: beste edozeren gainetik, baserriaren iraupenari eustea.

One thought on “BILBAOTIK EUSKAL HERRIRA (6. atala): Baserria, bizitoki hutsa baino askoz gehiago

  1. Euskara ikasten nabil eta asko gustatzen zait euskal kultura. Horregatik testu hau irakurri dut eta oso polita da. Gehiago idatziko duzue?

    Amaia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

SOINUGELA: Afrika mendebaldeko musikariak eta beste

og. Mar 9 , 2006
Saio honetan harat-honat eraman gaitu Pedro Elias Igartuak musikaren geografian. Abiatu, Irlandatik abiatu gara Sinead O´Connor kantariaren Throw Down Your Arms diskoarekin, baina disko honek beronek Jamaikako giro musikalean murgilarazi gaitu, beraren bitartez gorazarre egin nahi izan baitie kantari irlandarrak uharteko rastafarismoari eta bertako zenbait kantari ezaguni. Segidan, Euskal Herrira […]

Honekin lotuak