BILBAOTIK EUSKAL HERRIRA (4. atala): Bizkaia zubi esekia

“Puente colgante, leré, más elegante, leré, no hay en el mundo, leré”. Horrelaxe hasten zen Bilbo Handiko umeek jolasterakoan erdaraz kantatzen zuten abesti bat. Baten batek bilbotarkeriatzat hartuko du agian, baina kantak ez zuen gezurrik esaten, 1893an Portugalete eta Getxo lotu zituen zubi transbordadorea munduko modernoena eta dotoreena izan baitzen sasoi hartan.

Halaxe da, Bizkaia zubia munduan eraikitako lehen zubi transbordadorea izan zen. Alberto de Palacio Elisague arkitektoak diseinatu eta patentatu zuen 1888an eta handik bost urtera burdinazko egitura handi batek itsasadarraren bi aldeak lotuta utzi zituen.

Bizkaia zubia teknologian garai hartan gertatzen ari ziren bi berrikuntza handiren emaitza izan zen. Alde batetik, ingenieritzaren aurrerapenek kableetatik eskegitako zubiak egiteko aukera ematen zuten eta, bestetik, lurrinezko motoreak transbordadorea bera ibilarazteko parada eskaintzen zuen. Zubiak metalezko bina dorre erraldoi ditu ibaiaren alde bakoitzean, 160 metro luze den goiko oholtza batek lotzen dituena. Zubiak 45 metroko altuera dauka.

Bizkaia zubia burdinaren urrezko aroan eraiki zen. Inguruetako meatzeetatik erruz ateratzen zen burdinak denetariko makinak, itsasontziak eta burdinbideak egiteko balio zuen. Bilboko portutik milaka eta milaka itsasontzi abiatzen ziren urtero, Bizkaiko burdina munduan barrena banatzera. Burdinak Industria Iraultzaren onura ekonomikoak ekarri zizkion Bizkaiari eta burdinazko zubi hura oparotasun haren ikur eta erakusgarri bihurtu zen berehala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Baskistan, asteko saioa

al. Ots 20 , 2006
Baskistan-en azken irratsaioa deskargatu nahi baduzu, klikatu hemen: 1.atala 2.atala Entzun 1.atala:https://www.bilbohiria.com/docs/podcast/baskistan/baskistan1atala060220.mp3 Entzun 2.atala:https://www.bilbohiria.com/docs/podcast/baskistan/baskistan2atala060220.mp3

Honekin lotuak