MUSIBLA #102: HATXE, Peru Galbete, Islet, Igor Arzuaga, Lepora, Sunwatchers, Nigara Zuek

Badira proiektu zirraragarriak, barrua inarrosten dizutenak, horrelako bat da HATXE. Idoia Hernandez piano jole eta konpositorearen proiektu honetan, musikari bikainak bildu dira, klasikotik zein garaikidetik datozenak, trebeak giro zehatzak sortzen. Panpin hautsien dantza izena du 2020 honetan kaleratu berri duten bigarren diskoak. Mukuru kolektiboaren zigilupean. Guztiz gomendagarria. Proiektu horretan, laguntzaile gisa agertzen da Peru Galbete, zinemagintzan urrats sendoak ematen ari den egile honek, musikan ere baditu zeresanak. Gaztea den arren kurrikulu zabala eta sendoa daukan egilea da. Nor Zara Zu? du izena bere azken diskoak. Musika esperimental gehiago saioan, oraingoan Islet hirukotearen eskutik, Eyelet izeneko diskoa, hirugarrena, plazaratu berri dute, eta bertan pieza iradokigarri askoak bildu dituzte. Igor Arzuaga ezaguna da gure saioan, egile zirraragarria iruditzen zaigu, erabat aske eta emankor. Oraingoan Menditik jaitsi ginen izeneko grabazioarekin dator, eta biltzen dituen harribitxien artetik bi hautatu ditugu gaurkoan. Gasteizera goaz, hurrengo banda horkoa da eta, Lepora izena du eta euren lehenbiziko grabazioa atera berri dute taldearen izen berarekin. Oinarri sendo eta gitarra astunez ongi babestuta datoz. Lepora taldeak kutsatuta soinu indartsuekin jarraituko dugu, Sunwatchers taldeak Illegal Moves disko berria du kalean, psikodelia eta avant-jazz jorratzen duen banda honek euren karrerako abesti biribilenetakoak bildu dituzte azken grabazio honetan. Bukatzeko Mukuru kolektiboak sustatutako beste artista interesgarri bat entzungo dugu. Nigara Zuek Ander Fernandezen errenteriarraren bakarkako proiektua da. Zer falta zaizu? Izan zen bere lehen diskoa 2016an eta 2020 honetan Zabortegitik salbatuak lan esperimental zoragarriarekin dator. Zabortegitik jasotako piano elektroniko zaharra izan da aitzakia eta abiapuntua kantuok sortzeko.

Deskargatu hemen.

https://www.youtube.com/watch?v=55CRj7aHpC0

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Etxea: Eraikin ereduak Zuberoa eta bortuak (Pirinioak)

az. Mai 20 , 2020
Lapurdi edo Baxe Nafarroatik Zuberoara lehenengoz joaten den bisitaria segidan ohartzen da ikusten diren etxeak guztiz ezberdinak direla. Paisaila aldatu egiten da, teiatu gorririk ez Zuberoako etxeak arbelez teilatia du, etxegain alda ezberdinak. Klima ezberdina da eta muga aldekoak izateak ere arazoak sortu dizkie. Dena dela, gauza bat da eraikina […]

Honekin lotuak