BERBAZ: Mikel Intxausti, pailazoa eta antzerki-gizona, beti askatasun bila

San Frantzisko auzora mudatu zen orain 4 urte Otxarkoagatik. Bilbo izanik dena, bertan mundu diferenteak direla etorri zaigu gaia. Eta azkenean, umezaroko auzoak zelako indarra duen edonoren bizitzan, nola izaten dugun gure aldi osoan etxe, txikitan jolastu garen lurraldea, lagunak, jolasak, jaiak.

Umezaroa, ai, ai, ai! Talde jolas autonomoa eta kalekoa zen nagusi sasoi baten, eta gaur, nonahi, ume taldea “elkarrekin” jolasten, bata bestearen ondoan, nor bere pantailari begira. Gidari heldu bat behar dutela, ume taldeek jolasteko, arauak ezartzeko eta betearazteko. Urritu dira, gainera jolas motak. Mikel horrekin triste, auzolana,laguntasuna eta alaitasun xaloa ere arriskuan sentitzen ditu.

Jolastokiak eurak, errepara: umeak domestikatzeko ezinbestekoak. Parke bakarra, ganorazkoa, Bilbon, Abusukoa, kanpo aldean. Igotzeko arbolak, espazio librea, sormena pizten duena, urri. Plastiko-gomazko jolastokiak nonahi, umeak “babesteko”, diote. Putza!

Eskolan bertan zer egiten ote dute ume eta nerabeek? Huskeriak memorizatzea saritu? Elkarri entzuten eta elkarrengandik ikastean lagundu? Erraz menperatzeko moduko giza-kasta sortzen da hortik. Egunotan bizi dugun giro hitsa, horren islada.

10 urtegaz grega orokorra muntatu zutela ikastetxean, lagun bati ezarritako zigor bidegabeei erantzunez, guztiak patioan, klaseetara itzuli gabe. Hanka egin baitie horrelakoei Mikelek, aspaldian, begitantzen zaigu, duela 20 urte ezagutu genuenetik (Pottoko dendatxoa zuen sasoi hartan bizibide).

Nola egiten duzu lan-kateatik aparte bizitzeko?” bota diogu. Inoiz ez duela sinistu izan muntaia horretan, askatasunaren bila beti, “eta behar duzun hori etortzen da, handik edo hemendik, zortea delakoa existitzen baita, holan dabilenarentzako”.

Sasoi ilunotan (kanta eder bi aukeratu dizkigu Ibonek gaur, alaigarri, hori bai!) inoiz baino argiago agertzen ari da Mikel. Abenduan monologoa kaleratzekoa da, Uribarriko Xiri-Miri aretoan, “Requiem por un humano”, bere-berea izango dan obra, azken urteotan euskarri nagusietakoa izan duena, jaiotzear da. Bertan elkartuko gara!

Kantak:

Apurrak galtzetan (Txuma Murugarren)

Foto zaharra (Rafa Rueda)

Erreferentziak:

Xiri-Miri aretoa (Uribarri, Bilbo)

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Euskara ikasiz mundua ikusi

og. Abe 3 , 2020
Edozein hizkuntza ikastea, baita euskara ere, prozesu eta lanketa bat eskatzen duen jarduera da, baina benetan aberasgarri egiten zaituena. Jatorrizko hizkuntza euskara ez duten pertsonak entzungo ditugu jarraian. Hizkuntzak ikastea oso lan handia da eta ahalegina handia den arren, merezi duela. Saioan zehar  Izaro entzun dugu, Finlandiarra da, Finlandieraz hitz […]

Honekin lotuak