Lanaren Ekonomia saioan nazioarteko gatazken inguruan murgildu gara. Izan ere, azken aste honetan pil-pilean egon den gaia izan da. Palestinaren aldeko borroka jorratzeaz gain, beste gatazka batzuk ere ekarri ditugu, azken urte hauetako gertakariak hobeto ulertzeko asmoz eta irudi osatuago bat izateko xedearekin.
Saioa agenda sindikalarekin hasi dugu, datozen asteetan egongo diren deialdi sindikal eta sozialak aipatuz.
Gai monografikoarekin hasteko, Eki Etxebarriak Nahia Sanzo soziologoari eta GeopolitikaZ taldeko kideari elkarrizketa egin dio. Nahia Sanzok Ukrainako gerrari buruzko eguneraketa bat egin digu. Errusiak Ukrainian esku hartzea erabaki zuenetik, urte t’erdi baino gehiago pasatu da, eta esperotakoa baino askoz gehiago luzatzen ari da gatazka. Horregatik, Nahia Sanzok gatazka murgiltzen ari den fase berriaz hitz egin digu, baita nazioarteko azken gertakariek izan dezaketen eraginen inguruan ere.
Ines Agirreazkuenagak Azahara Hag Martin euskal palestinarrari egin dio elkarrizketa. Gazte honek Palestinar herriaren eta Israeleko estatuaren arteko gatazkaz hitz egin digu, zer gertatzen ari den azken egun hauetan eta Israeleko estatuak daraman propagandari buruz aritu gara, gobernuan dituen laguntzaileak aipatuz. Gertakari hauen aurrean ere, boikota edo elkartasuna bezalako erantzunek duten garrantziaz aritu gara.
Saioarekin amaitzeko, Argia atalean, hain zuzen, Andrea de Vicentek Asier Blas EHUko Politika Zientzietako irakaslea eta GeopolitikaZ taldeko kidea elkarrizketatu du, Karabakh Garaiko armeniarrak beren lurraldetik botatzeko Azerbaijanek hasitako gerraren inguruan. Izan ere, gatazka ia oharkabean pasatu arren, interes geopolitiko sakonak daude horren atzean.
Deskargatu hemen.