Gaurko saioaren lehenengo zati luzea Galderrek hartuko du, kaleratu berri duen ESC diskoaren aurkezpena egingo digu. Disko ilun baina esanahiz betea, entzunaldi bakoitzean alde berri bat erakusten duena, poliedrikoa, norabait ihes egiteko planak behin eta berriz birformulatuz. Disko betea. Hurrengo gonbidatua Moxal izango da. Hannot Mintegiaren proiektua da, Audience taldea utzi ondoren sortu zuena. Bi disko dauzka kalean, orain bigarrenarekin dator. Nabar izena jarri dio grabazio berezia honi, giro obsesiboak eta lanbrotsuak bildu ditu bertan. Aurrerago Neu Troia proiektua dator, Julen Azkona iruindarraren estreinako diskoa da Arketipoak izeneko hau. Disko barnerakoia, pultsu ederra daukaten abestiak. Azken saioetan Rodrigo Leao musikari portugaldarraren Cinema diskoa jarri dugu, diskoa 2004koa da eta berriz ere gurutzatu da gure bidean. Ederra da lagun zaharrekin solasaldi lasaia izatea, itsasora begira, agian. Eta azkeneko minutuetan nostalgia ukitu horrekin jarraituko dugu, izan ere Xabier Zeberiok Pause diskoan bildu dituen abestiek ere eragin bera baitute gugan, lautada zabalak, zeru mugagabea…
Deskargatu hemen.