Gaurkoan Iñakik “Ibaipeko jonkiak” ekarri dizkigu hizpidera, eta ez dabil ur ertzean txutatzen diren drogazaleei buruz, itsasadarraren azpitik igaroko den autobideaz baino. Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du, halaber, autobideaz gain, ur azpitik metroaren lotura joango dela, 1. eta 2. lineak Areeta eta Sestao artean lotuko dituena. Aldundiaren kalkuluen arabera, egunero 50.000 auto igaroko dira autobidetik, eta lagun ugarik erabiliko dute metroaren lotura. Azpiegitura erraldoia dugu, hainbat belaunalditan ordaindu beharrekoa, eta Supersur saihesbidearen aurrekaria duena, hau bezala “estrategiko” moduan saldu zigutena. Arrontegi zubiaren alternatiba izango omen dena egin ondoren, baliteke jendeak hura erabiltzen jarraitzea, gaur egun jendeak Supersur ez baizik eta AP-8ren betiko bidea erabiltzen duen bezala. Jonkien autogezur modukoa kontatzen dute autoritateek CO2 isurketa gutxiago izango direla esaten digutenean, baina obrak berak izango dituen isuriak, atzerapenak eta bestelako arazoak kontuan hartu gabe. Hasteko, kotuari dagokionez, hasierako 450 milioi eurotik 600 milioi igaro gara jada.
Deskargatu hemen.

