MUSIBLA #260: Hayden Pedigo, Caroline, Maddi, Sharp Pins, DEI, Etxekalte, Ines Osinaga

Hayden Pedigo isilean gauzatzen ari da bere bidea, eta I’ll Be Waving As You Drive Away da bere ikusmoldeen edizio finena, orain arte. 2013tik hona, Pedigok ez du soilik bere gaitasun teknikoagatik ospea irabazi, baita hitzik esan beharrik gabe sentimenduak sortzeko duen gaitasunagatik ere. Caroline momentuko banda interesgarrienetariko bat da, gure ustez. Bere soinuen mugak bilatzen eta inprobisatzen beldurrik gabe, baina dena egitura interesgarri batzuen barruan. Abestiak amaitu gabe egongo balira bezala agertzen dira, bizirik dauden izakiak bezala eboluzionatzen jarraitu nahi dutenak. Disko bat, entzute bakoitzean aldatu eta, horregatik, askoz gehiago liluragarria dena. Caroline 2 du izena disko biribil honek. Maddi abeslari eta sortzaile nafarraren azken diskoa aletzen ari gara azken saio hauetan eta gaurkoan ere beste bi abesti Amaitasuna izena duen grabazio eder honetatik. Sharp Pins Kai Slater Chicago hiriko musikariaren pop lo-fi proiektu super sendoa eta entusiasta da. Bigarren diskoa aurkeztuko dute, Radio DDR izenekoa, power pop azkar eta emozionagarria, denboraldiko sorpresa bihurtu dena. Guided By Voices, Elliott Smith, The Byrds, The Shins, The Lemon Twigs… zale guztiak abisatuak daude. Musika maite duten guztiak abisatuak daude. Mutrikun 2022an sortutako taldea da DEI. Bizi guztiko bi lagun musikarik osatutako proiektua da, Aitzol Urkiza ahots eta gitarra elektrikoan eta Iñigo Bravo sintetizadore, aho soinu eta gitarra akustikoan. Zazpi kanturekin osatuta dago lehen grabazioa Iluneko Sua Arrotz. Pop rock kutsuko doinuak aurki daitezke beti ere soiltasun dotore batez jantzita. Etxekalte 2015. urtean Bermeon Unai Irisarri eta Iker Etxebarriarek sortutako taldea da, eta laster sartu ziren Iñaki Olondo eta Jon Andoni Juarez. Hasieratik zuzenean jo eta jo ibili dira beren soinua bilatzen. Beren musikak, 90eko hamarkadako eta 2000ko lehen hamarkadako estiloetako (grunge, hardcore, post-hardcore, postrock, rock melodikoa, rock alternatiboa) eragina jasotzen du, ahots melodia zainduak eta gitarra zikinen erritmo indartsuak nabarmentzen dira euren Inertziak Estali grabazioan. Eta bukatzeko Ines Osinaga. Kubara eraman zituen zenbait abesti eta handik ekarri zituen itxuraldatuta, musikari eta lagun talde eder baten laguntzaz. Inesen musika iradokigarria da, paisaiak zabaltzen ditu begien aurrean. Itsasoa da bide bakarra izeneko grabazioan bildu ditu esperientzia horiek guztiak uhinen artean.

Deskargatu hemen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Euskara ikasi, euskaraz bizi; Bilboko barnetegiaren esperientzia

ar. Uzt 8 , 2025
Uda iritsi da, eta horrekin batera barnetegiek berriz ere ateak zabaldu dituzte. Gabriel Aresti euskaltegiak Bakaikuko barnetegiaz gain, Bilbon ere antolatu du aurten barnetegia. Batzuek huts-hutsean hasten dute bidea; beste batzuek, berriz, erabilera indartu nahi dute. Baina denek dute helburu komun bat: euskara ikastea, eta, batez ere, euskaraz bizitzea. Barnetegia […]

Honekin lotuak