Gazteek zientzia eta teknologia ulertzeko dituzten zailtasunekin abiatu gara Paulo Sarriugarterekin solasean, izan ere, azken PISA txostenaren arabera gure gazteek duten maila akademiko apalak kezka sortu du. Herrialde, hizkuntza eta ikasgai guztietan islatu da emaitzen gainbehera orokor eta kezkagarria, Europa osoan. Besteak beste, matematikan igarri da, fisikan ere bai, ondorioz, eta erantzule edo eragile globalak ditu, arretaren eta ikasteko gaitasunaren eskastea eragiten dutenak: Informazio azkarra, laburra, azalekoa, pantailak nonahi, etengabeko scroll-a eta dopamina. Testuinguru honetan, ikasteko moduak eta irakasteko metodologiak hobetu behar dira, eta horretan dabil Paulo Sarriugarte.
EHUren Bilboko Ingenieritza Eskolako irakaslea da Sarriugarte, fisikan doktorea eta ikertzailea Fisika Aplikatua departamenduan. Bere ikerketa esparruak: hezkuntza eta zientzien dibulgazioa, fisikaren didaktika, formakuntza, eta, bestalde, energia-eraginkortasuna eta astrofisikaren zein mekanikaren kontzeptuen irakaskuntza, energia aurrezpena eta jasangarritasuna: aplikazioa ikastetxeetan eta Eraikinen Kalitatea Kontrolatzeko Laborategian…
Zientzia eta teknologia irakasteko metodologia egokiak garatzeko ikerketa egiten den Berritzegune izeneko guneetan irakaslegoaren formazioa egiten da eta, bertan, Bigarren Hezkuntzako Irakasle izateko masterra ematen da. Berritzegunetik irakaslego aktiboari zuzendutako formazioak eginez ikastea sustatu nahi du, eta praktika zientifikoetan edo proiektuetan oinarritutako irakaskuntza bultzatzen ari dira bertan. Nola diseinatu ikaskuntza-irakaskuntza sekuentziatik ikerketan oinarrituta, nola irakatsi, azken finean, ikertzen-garatzen ari dira Berritzeguneetan. Proiektuen irakaskuntza horrek, garai bateko (buruz ikasteko) metodoekin alderatuta, aldea ikusten ote den, irakaskuntza aktiboak emaitzak hobetzen dituen jakin nahi izan dugu, zientziaren didaktika hobetzeko ikerketa nola egiten den.
Bukatzeko, irakaskuntzak hobetu eta bilakatu beharra duen teknologia berrien paradigma aldakor hauen testuinguruan, adimen artifizialaren abantailez zein arriskuez, eta dibulgazioaren garrantziaz jardun dugu Sarriugarterekin. (Argazkia: Jaula de Ardilla).
Deskargatu hemen.
