Angela Davis AEBetako ekintzaileari omenaldi ekitaldia Bilbon otsailaren 7an

Angela Davis afroamerikar ekintzaile politikoa eta unibertsitate irakaslea Euskal Herrian izango dela eta, Fermin Muguruzak omen egingo dio, otsailaren 7an Kafe Antzokian. Haren eskutik euskal musikari eta sortzaile ugari bilduko dira gorazarre ekitaldira. Besteak beste, Maialen Lujanbio, Eider Rodriguez, Mursego, Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Anari, Broken brothers bass band, Bad Sound System, La Basu, Aneguria, Xabi Solano, Sorkun eta Muguruza bera izango dira agertokian.

angela-davis-afitxaGaurkoan, Daviesen urtebetetzea izanik, haren omenezko kontzertua iragarri du Muguruzak “Angela Davis gure laguna da” izenburupean. Hain zuzen ere, horixe zioen Negu Gorriak taldearen JFK kantuak (Borreroak Baditu milaka aurpegi). Muguruzaren taldeak zinezko amerikar lagunen zerrendan nabarmentzen zuen orduan Davis, besteak beste, Zapata, Guevara, Bolivar, Martí, Sandino, Malcolm X eta Tupac Amarurekin batera aipatu zuen Alabamako Birmingham hirian jaiotako ekintzaile afroamerikarra.
Muguruzaren Daviesekiko estimua aspalditik dator, baina 2014ko azaroan Bilbon zabaldutako Black is Beltza erakusketan argi islatu zen: Daviesen hainbat aipamen ageri ziren paneletan, bertan ikusgai ziren dokumental eta liburuetan. Erakusketaren egitarauaren baitan proiektatu zen Free Angela and all political prisoners dokumentala, Eider Rodriguezek aurkeztuta.
Iragan ostegunean Angela Daviesen  Freedom is a constant struggle liburu berriari egin genion aipamen zabala Bilbo Hiria irratian, datu biografiko batzuk emanez eta azken urteotan bere hitzaldi eta idatzien gaiak gogoratuz. Baina Daviesen biografian beste mugarri batzuk aipa genitzake: Alabamako Birmingham hirian 1944ko urtarrilaren 26an jaioa, gaztetan segregazio legeek araututako gizarte arrazista batean hazi zen. Beka bati esker New Yorkeko unibertsitate batera joan ahal izan zuen ikastera eta, bertan, ezkerreko pentsamenduaren berri izan zuen estreinakoz. Ondoren Herbert Marcuseren eta frantziar existentzialisten ezagutzak bere ideiak erradikalizatzera eraman zuen. Biarritzen, ikasketa bidaia batean zela, bere jaioterrian izandako sarraski arrazista baten berri izan zuen 1963an: berak ezagutzen zituen lau neska hil zituzten arrazista zuriek, Birminghameko eliza batean bonba lehertuta.
angeladavis-bertikalaGerora, Europako alderdi eta herrialde komunistekin izandako harremanen ondoren, AEBetako Alderdi Komunistan ibili zen (1968 eta 1991 bitartean), Black Power izeneko mugimenduetako ikono bat bihurtu egin zen eta, Black Panther alderdiaren ingurumarian ibili zen 70eko urteen hasieran, bertan inoiz formalki militatu ez bazuen ere. Kaliforniako unibertsitatean irakasle aritu zen, harik eta FBIk unibertsitateari alderdi komunistakoa zela jakinarazi arte, orduan unibertsitateak kaleratu baitzuen. Geroago sasian ibili behar izan zuen, preso baten ihesaldi saiakeran erabilitako arma berea zela baizioen poliziak. Atxilotu, epaitu eta gartzelan sartu zuten bolada batez, haren aldeko elkartasun kanpainia handi baten erdian, ondoren epaiak errugabetzat jo zuen.
Ondoren, irakasle, pentsalari politiko eta hizlari moduan ibilbide luzea egin du Daviesek, AEBetako gartzela sistemaren, arraza, genero eta klase gaien inguruan idatziz gehienbat, baina nazioarteko gaiei ere arreta eskainiz. Iazko martxoan, Arnaldo Otegi askatzearen aldeko eskaera sinatu zuen Angela Daviesek mundu osoko beste 24 pertsona ezagunekin batera.
 Free Angela Davis dokumentalaren trailerra:
https://www.youtube.com/watch?v=Qh49nbTq268

One thought on “Angela Davis AEBetako ekintzaileari omenaldi ekitaldia Bilbon otsailaren 7an

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

ASTE HONETAN, ZER? (Ulibarriko euskaltegia)

az. Urt 27 , 2016
Gaur, Ulibarri euskaltegiko Aitziber Olabarrietaren txanda izan dugu “Ibaizabal” goizeko magazinearen atal honetan. https://bilbohiria.com/docs2/2016/ibaizabal/160127solasasteaitziberulibarri.mp3 Deskargatu hemen

Honekin lotuak