Gaurko saioa Kaskezur talde iruindarrak ateratako hirugarren diskoarekin abiatuko dugu. Diskoan Joseba Irazokiren Euria ari du abestiaren bertsio bat gehitu dute eta bertan Irazokik berak jotzen du gitarra. Lehen entzunaldian Onddo taldearen oroimena ekarri dit, agian horregatik gitarra-jole beratarraren kolaborazioa, nork daki! Kaskezur taldearen disko honek Ihesi Doaz Animaliak du izena, eta hasieratik amaierara irensten den disko horietako bat da. Honen ostean, Pettiren azkena: Zaldi Emozionalak. Beratarrak erregistro desberdinak erabiltzen ditu disko honetan, orkestrazio betea zenbait unetan, mezua argi, ahotsa sendo. Harkaitz Canoren hitzetan oinarritutako proiektua da Zaldi Emozionalak, eta Petti han-hemen topatuko duzue diskoa aurkezten. Aurrera gure bidean, Bambara taldea gonbidatuko dugu berriz ere, izan ere euren azken diskoak liluratuta baikauzka. Stray du izena eta bertan soinu ilun eta trinkoak bildu dituzte. Jarvis Cocker entzuteko aukera gutxi izan dugu azken bolada honetan, 2017an atera zuen azken grabazioa Pulp taldeko abeslari ohiak. Orain disko berriarekin dator. Leun eta sakon. Diskoa da Beyond the Pale. Hurrengo pausua 2010eko disko batekin emango dugu. Frightened Rabbit taldeak euren hirugarren diskoa kaleratu zuten urte hartan: The Winter of Mixed Drinks. Bukatzeko, heldu berri zaigun disko baten aurrerapen abestia ekarriko dugu. Tenpora taldeak oraintsu atera du euren laugarren diskoa: Berriro Asma Nazazu. Diskoa hurrengo saioetan aletuko dugu, baina gaur zoragarria iruditzen zaigun abesti batekin itxiko dugu gaurko saioa.
Deskargatu hemen.

