Zelanda Berritik dator Dion Lunadon bere bigarren diskoarekin: Beyond Everything. Soinu zikinak baliatu ditu disko zuzen eta gordina sortzeko. Harrapatu egingo zaitu aukera ematen badiozu. 5 urte pasa dira bere lehenengo diskotik eta punk-rock eszenako diskorik biribilena da orain aurkeztu duena. Beratik dator Joseba Irazoki azken diskoa besapean duela: Split, beste urrats sendo bat. Joseba Irazoki eta lagunak bezala sinatuta dator disko berria, lagun horien artean Pettiren kolaborazioa ere badakar. Aitor Rubiok disko samur eta adiktiboa sortu du, ondo egina, dotorea, erraz eramango zaituena bere lurraldera. Aitor musikari zaildua da, produktore gisa ere bere bidea egin du, eskarmentu handikoa dugu Aitor eta disko honetan sumatzen da ofizioa. Diskoaren izena Argi Izpiak da, eta benetan merezi du. Musibla honetara behin baino gehiagotan ekarri dugu Adrian Perezen azken diskoa Lasai Ederrean bataiatu duena. Disko gordin eta ederra, ibilbide luzeko musikari honek bakarka egin du azken grabazioa, bere istoria garratzak, looser miragarriaren soinuak. Beste harribitxi bat diskografia selektoentzat. Irlandatik datoz Just Mustard, euren soinu ilun eta lanbrotsuak partekatzera. Heart Under izena jarri diote azken grabazioari, eta bertan giro itogarriak topatuko dituzu, kiribil obsesiboak. Irlandatik oso musika ona heltzen ari da azken boladan. Disfrutatu honekin ere. Eta bukatzeko, oroitzapen kutxatik berreskuratuko dugu Bill Ryder-Jones. 2018an atera zuen Yawn diskoa eta arbola batetik kulunka erortzen ari den hostoaren grabitate eza sentiaraziko dizu.
Deskargatu hemen.