Atzo abiatuko zen bideoklip eta film laburren nazioarteko Caostica jaialdiaren XV. edizioa Bilbon. Jasotako 2661 lanen artean, antolatzaileek 45 aukeratu dituzte ekainaren 19ra arte luzatuko den egitarauan eskaintzeko. Datorren astelehenera bitarte, hiriko areto eta txoko ezberdinetan egingo dituzte emanaldiak, Artxandako patinaje pistan, Euskal Museoan, Ercilla kaleko Yimby aretoan, Bilboko Erriberan zein Bizkaia Aretoan. Bertako zinegileen lanak, atzerriko ekoizpenak, EHUko ikasleenak… izango dira ikusgai jaialdian.Gaurko saioan Caostica jaialdiaren berri izan dugu. Emanaldien ostean, gainera, musika saioak ere egingo dituzte. Bideoklipen kategorian, Aitor Oñederrak Loopstache taldearen All I need is you abestiari egindako bideoklipa lehiatuko da, besteak beste, eta animaziozko lanen atalean Begoña Vicariok zuzendutako Beti bezperako koplak izango da. Bideozinema sailari dagokionez, ostera, euskal film gehiago ikusteko aukera izango da: Koldo Almandozen Crisálida, Aitor Gutiérrezen Ulises eta Asier Urbietaren False Flag. Itxiera ekitaldia larunbatean, hilak 17, egingo dute Artxandako patinaje pistan, eta astelehenean palmareseko filmak eskainiko dituzte.
Deskargatu hemen.
https://vimeo.com/220669438