Hemen duzue gaur Korrikaren Bilboko ibilbidea jarraitzeko zuzenean, Bizkaia Irratiarekin eta Uriolarekin egin dugun irrati saio berezia osorik entzungai. Eguerdian sartu da lasterketa Bizkaiko hiriburura, eta arratsaldera arte ariko da, auzoz auzo. Euripean egin ditu ia kilometro guztiak baina jendetza batu da. Bizkaia Irratiarekin eta Uriolarekin elkarlanean kilometroz kilometro eta auzoz auzo korrikaren berri eman dugu. Zorrotza Kastresanan izan ditu lehenengo kilometroak, “Negua joan da “ Zea Maysen kantuarekin eman diote ongi etorria. Montevideo etorbidea hartu eta Basurtuko ospitaleko langileek hartu dute lekukoa. Autonomia zeharkatuta Errekaldeko bidea hartu du, eta aurten lehenengoz Miribillara iritsi da korrika. Bilbo Zaharra zeharkatu eta Abusurako bidea hartu du. Otxarkoagan ere euskaldun andana zain zeukan Korrikak. Santutxun omenaldia egin zaio iaz zendutako Marian Leon AEK-ko irakasleari. Han bezala, Uribarrin ere jendetza batu da Korrikara. Plaza Biribilean kilometro bat egin dute elkarrekin euskalgintzari lotutako Bilboko eragileek. Atzerapenarekin ibili bada ere, eta euria gorabehera, korrikalariek ez dute kale egin eta kaleak jendez bete dituzte.
Deskargatu hemen.