SOINUGELA: Speed of the Sound of Loneliness (John Prine)

Izurriteek zenbaki latzak ekartzen dituzte ustekabean, sinesten ere zailak diren zenbaki latz biderkatuak. Eta zenbakiek zenbaki izaten jarraitzen dute, harik eta haietako baten azpian senide, adiskide edo pertsona ospetsu baten izena aurkitzen dugun arte. Albisteak gogoa inarrosten digu orduan, eta triste gelditzen gara. Horixe gertatu zaigu guri Soinugelan, jakin dugularik koronabirus malapartatuak berrikitan berekin eraman duela John Prine musikaria Nashville hirian, 73 urte zituela.

John Prine AEBek XX. mendean emandako kantautorerik handienetako bat dugu, zalantzarik gabe. Hori esanda, gainera, ez dugu gure iritzi soila ematen, aditu askorena baizik. Iritzi horretakoak ditugu, kasurako, Bob Dylan eta Kris Kristofferson, biek ala biek aspalditxotik aitortua baitzuten John Prine beren musikari kuttuna zela. The New York Times egunkariak bere hilberrian zioen John Prinek bere kantuetan giza izaeraren kronika idatzia utzi digula. Ados gaude erabat, John Prinek inork ez bezala jakin duelako bere ahots erlastuaz gizakion ageriko zein ezkutuko ezaugarri eta sentimenduak azaltzen.

Pedro Elias Igartuak urtero-urtero gonbidatzen zuen John Prine gure Soinugelara, eta bisita horietan hamaika kantu ederrez gozatzeko parada izan dugu. Azken bisitan, esaterako, bere azken diskoa ezagutu genuen: Tree of Forgiveness (Barkamenaren zuhaitza). Pedroren ustez, Johnek susmoa zuen disko horretan heriotza inguru-minguru zebilkiola, geroztik gertatu den bezala.

John Prineren kantak ohorezko apal batean jarrita gelditzen dira Soinugela barruan, baina orain, omenaldi gisa, haren kanturik ederrenetako bat entzungo dugu: Speed of the Sound of Loneliness.

Deskargatu hemen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Inor ez da kroketa bere herrian: sukaldaritza saioa

ol. Api 17 , 2020
Ongi etorri Bilbo Hiria irratiko sukaldera. Oroitzapen historikoa, ohiturak, erreferentzia sozio-kulturalak, esaerak, atsotitzak, kontzeptuak, konnotazioak, jokorako gaiak, baliabideak, hitzen arteko loturak eta esatari-entzuleen arteko konplizitateak horiek guztiak gure saioaren osagaiak. Lapikoak martxan ditugu, sukaldea prest! Gaurkoan kroketak egin ditugu Iratxerekin. Eguneko plazer txikia, etxeko atea ireki, eskailerak jaitsi, kalera atera, […]

Honekin lotuak