Udalaren omenaldia jaso du Bilbo Hiriak, Hamaika Telebista eta Bizkaia Irratiarekin batera

Azken urteotan Bilboko Udalak euskalgintzako eragileren bat nabarmentzen du, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, udaletxeko Arabiar Aretoan egin ohi duen harreran. Aurtengoan ikus-entzunezko hiru hedabideren lana omendu nahi izan du: Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta Hamaika Telebista.

Aipamena jasotzea atseginez hartu du Bilbo Hiriaren izenean mintzatu den Ane Zabala esatariak eta hitza hartzean gogorarazi nahi izan du, Bilbo Hiria irratiak, airean 25 urtez iraun badu ere, oraindik lizentziarik gabe jarraitzen duela: “Kontraesanekoa dirudien arren, administrazioaren beste zenbait esparrutatik ukazioa eta eragozpenak ari gara jasotzen aspaldi luzean. Gogora dezagun beste 25 urtez lanean gure baitatik tinko jardun arren, lizentziarik gabe jarraitzen dugula, iruzurrez betetako deialdi bat izan zela kausa, eta horren ondorioz, hedabideen arloa hartua daukan administrazioaren sailetik irrati izaera bera ukatzen zaigula, horrek dakartzan kalte ekonomiko guztiekin”.

Eusko Jaurlaritzari erreferentzia eginez mintzatu da Zabala.”Argi dago administrazioari ezin zaiola gure lana etengabe saritzeko eskatu, baina bai gutxienez euskarazko hedabideon bide malkartsuan oztopo gehiagorik ez ipintzea”, adierazi du. Hain zuzen ere, oraintsu jakinarazi du Bilbo Hiria irratiak lizentziarik gabe egonik, halabeharrez informazio webgune soil moduan eskatutako dirulaguntza txikiagoa ere ukatu diola Eusko Jaurlaritzak.

Horren aurrean, euskarazko hedabideok “axola eta munta handiko eginkizuna” daukatela gogora ekarri du Bilbo Hiriako esatariak, “ezinbesteko tresnak dira Bilboalde honetan zeharo sakabanatuta eta deserrotuta dagoen euskaldunon komunitatea trinkotzen eta euskal kultura hedatzen laguntzeko”. Amaitzeko, gaurkoa bezalako errekonozimenduen garrantzia azpimarratu du Zabalak: “indarberritu egiten gaituzte, oztopoak oztopo, lanean jarraitzeko”.

 

Ekitaldian, udalak prestatutako bideoa proiektatu da, Bilbo Hiriaren lanaren erakusgarri, Lutxo Egiaren zorion-hitzak tartean.

…Eta guk, ezin aukera galdu eta, Bizkaia Irratiarekin batera, irrati saioa egin dugu aretoaren bazter batean, elkarlanetan. Elkarlana izan da, hain zuzen ere, saioan hainbat aldiz esan eta entzun dugun hitza, euskal hedabideok elkartuta gauza politak egin baititugu, ondo pasatuta gainera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

ETS taldeak bere ibilbideko diskorik “ausartena” argitaratu du Guretzat deiturikoa

al. Abe 5 , 2022
ETS taldeak bere ibilbideko diskorik “ausartena” argitaratu du, euren hitzetan. Seigarren lanak  ‘Guretzat’ du izenburuan eta  eraldaketa prozesu baten emaitza dela adierazi digu Iñigo Etxezarretak. Talderen musikan aldaketa  “Aukera Berriak” izeneko azken lanarekin hasi zen. Pop-a nagusi den apustu mimatu bat da, musika estiloekiko dauden aurreiritzi oro alde batera utziz.  […]

Honekin lotuak