Gizakiak ikasi zuen noizbait beste gizakiak bortxaz menderatu, bere esanetara makurrarazi eta lanerako erabili ahal zituela, abereak balira bezala eta askatasun guztiez gabetuak. Esklabotasuna sortu zen horrela, inoiz asmaturiko gizatxarkeriarik handienetako bat, zalantzarik gabe. Asier Azpilikuetak erreportaje bikaina eman zuen argitara gai honetaz maiatzaren 14an Berria egunkarian. Nafar kazetariak, Jose Antonio Aspiazu historialariak eginiko ikerlanetan oinarriturik, datu zinez harrigarriak eman zituen euskaldunek afera honetan izan zuten zerikusiaz. Asier Azpilikuetarekin grabatutako solasaldi honetan euskaldun jendeak esklabotasunarekin historian zehar izandako inplikazioa eta datu harrigarri horietako asko xehetasun handiz ezagutzeko parada daukagu: gizakien salmentatik aberastu ziren euskal familiak, esklaboen garraioa egiten jardun zuten ontziak eta beraien kapitainak, esklaboak mugaren alde batetik bestera pasatzen ibili ziren mugalariak, euskal foruek beste arrazetako jendeez ziotena, Pio Barojak bere eleberrietan esklabotasuna nola deskribatu zuen –gertutik ezagutzen baitzuen, bere osaba handia trafikatzailea izanik–, baserriko lanetarako inoiz esklaboak erabili izana, eta abar. Solasaldi hau deskargatzeko, klikatu HEMEN.
Enztun: https://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/asier_azpilikueta060516.mp3