Egunkariaren itxiera gogora ekarri dugu Martxelo Otamendirekin

Duela hamabost urteko otsailaren 20an itxi zuten euskara hutsezko egunkari bakarra zena, Euskaldunon EGUNKARIA. Gaur Egunkariaren itxiera gogoratzeko ekitaldia egin dute Martin Ugalde Kultur parkean. Bertan izan gara gu ere eta EGUNKARIAren zuzendari Martxelo Otamendirekin bat egin ahal izan dugu zuzenean. Berak esan digunez, ekitaldiaren helburua orduan gertatutakoa gogoratu eta salatzea izan da: “egunkari bat itxi zen, 150 langile kalera, atxiloketak, torturak, gartzela zigor eskaerak”, gogoratu du. Orduan jasotako elkartasunagatik, Otamendik esan duenez “zorretan egongo gara betirako jendearekin”. Sindikatuek eta beste talde askok antolatutako ekitaldiak gogora ekarri ditu Otamendik eta, bide batez, Bilbo Hiriaren eta Kafe Antzokiaren ingurutik jasotako elkartasuna gogora ekarri nahi izan du.

Otamendiren ustez “Guzti honen atzean zegoen Guardia zibilak -Del Olmo epailea azken finean txotxongiloa zelako- kalkulu txarra egin zuen” atxilotutakoei ETAko kideak izatea publikoki egotzita, “jendea kokilduko zela” pentsatuta ausartegi jokatu zuen. Aurretik saiatu ziren Garzonekin, baina hark ez zuen funtsik ikusi Egunkariaren aurka egiteko argudioetan. Otamendiren arabera, Guardia Zibilaren ekimenak euskalgintza zibila kriminalizatzea zuen helburu, “baina akusazioak ez ziren sinesgarriak Auzmendi edo Torrealdai ezagutzen zuen jendearentzat”, esan digu.

Erratutako beste kalkulu bat jendearen erantzuna izan zen, Martxeloren iritziz: “Donostia bete zen bezala betetzea ez zuten espero”. Donostiako manifestaziora jendetza Egunkaria babestera ez ezik, kutxa, eskola eredua, sindikatuak eta arriskuan ziren beste hainbat ekimen babestera ere joan zela nabarmendu du Otamendik, estatuak ekimen eta instituzio horiek jomugan zituela konturatuta: “Nor bere esparrua babestera ere joan zen, jendeak ulertu zuen: edo gelditzen dugu denon artean, Madrili indarra daukagula erakutsita, edo nire sindikatua, finantza entitatea eta beste etorriko dira atzetik”. Jomugak hedatzeko helburu horiek egiaztatzen dituen informazioa argitaratu zuen igandean BERRIAk, Egunkaria itxi eta lau egunera Goardia Zibilaren konboi bat Arantzazurako bidean zela geldiarazi zutela azken unean.

Bestalde, Fermin Muguruzari egindako txistuak gogora ekarrita, Martxeloren iritziz Espainiako “progresiaren izaerak muga bat daukala” ikusi zen garai hartako erreakzio ezan, eta “estatu auziak ikutzen direnean, tortura kasu, ez dituztela landu nahi”.

Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin. Hamar lagun preso eraman zituzten Madrilera. Egunkaria itxi ondoren emandako erantzuna gogora ekarri digu Otamendik  manifestazio jendetsua, Egunero kalera atera izana biharamunean bertan eta “denbora errekorrean”, lau hilabetera, Berria egunkaria sortzea. “Gaur Berria ez zen aterako bere garaian Egunkaria egon ez balitz”, azpimarratu du egun BERRIAko zuzendaria denak, horregatik iragana eta etorkizuna elkartu dituzte gaurko ekitaldian.

Deskargatu hemen.

Ekitaldirako Lander Garrok prestatutako bideoa:

Ekitaldiaren bideoa:

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

PIPERPOLIS: Musika eta generoa aztergai Aho bete doinu liburuan

az. Ots 21 , 2018
Musika  eta Generoaren inguruan, hausnartu dute Aho bete doinu liburuan. Musika sektoreko protagonistak elkarrizketatu ditu Igone Mariezkurrenagak. Gai ezberdinak izan ditu hizpide; Etika, Estetik, Parte-hartzea, Ikusgarritasuna,  Lan banaketa,  Sexualitatea ,Sexualizazioa, Pribilegioa.Elkarrizketatuak honakoak izan dira, La Basu, Julen Azpitarte, Leire Salamanca ,Yogurinha Borova, Amaia Ispizua ,Karlos Osinaga ‘Txap’ ,Mamen Irujo ,El_Txef_A […]

Honekin lotuak