Bilboko udalak plaka bat jarriko du, bihar larunbata, frankismoa garaian Santutxuko Orue txaletean e4spetxeratu zituzten emakumeen omenez eta oroimenez. 1937ko ekainean faxistak Bilbora heldu eta gutxira muntatu zuten Orue txaletean emakumeen kartzela politikoa. Urte haietan, ehunka emakume, batzuetan seme alabekin batera, baldintza penagarrietan sartu zituzten preso Larrinaga eta Orueko kartzeletan ideia politikoengatik edo emakume izateagatik. Kasu askotan torturak, bortxaketak eta bestelako umiliazio publiko eta pribatuak jasan zituzten, 11 emakume exekutatu zituztelarik. Herritarren parte hartzeari irekitako ekitaldi honen bitartez, Udalak sentimenduz betetako omenaldia egin nahi die emakume haiei, ahanzturatik berreskuratuz. Ekitaldia Zabalbide eta Fagoaga Tenorra artean dagoen parterre berrian egingo da. Haritz gazte baten ondoan jarritako plaka oroigarriak betiko gogoraraziko ditu Orue Txaletaren irudia eta kokapena, oroitzapenezko testu honexen laguntzaz: “Orue Txaleta (espetxea, 1937-1942) Frankismoak Bilboko kartzeletan errepresaliatutako emakumeen omenez “Txaletaren jabea Orue familia izan zen, tradizio karlistakoa eta oso ezaguna garai hartako Begoñan, Gerra Zibilaren hasieran ihesari eman behar izan ziona. 1942az geroztik, eraikina Santa Marta Klinika izan zen, eta 1967tik 1968ra bitartean eraitsi zuten Remigio Gandasegi Monsinorea kaleko egungo etxebizitzak eraikitzeko. Ekimena memoria-elkarteen eskariz sortu da, eta aukeraz baliatuta, Bilboko Udalak omenaldia egin nahi izan die Hiriko espetxeetan zigor gogorrekin preso sartu zituzten emakume guztiei: Larrinagako kartzelakoei, gizonezkoen espetxe hau emakumeak kartzelaratzeko erabili baitzuten frankismoaren hasierako urteetan, eta Larrinagako kartzelaren saturazioagatik espetxe bihurtu zuten gertuko Orue Txaletekoei.
Deskargatu hemen.