Gaur mundu exotiko – erlijioso – ornitologiko batean murgildu gara, konbinazio arraroetan arraroena, bitxia, berezia zein berebizikoa, Olivier Messiaen konpositorearen eskutik joango gara. Olivier Messiaen (Aviñón, Frantzia, 1908 – Clichy, Frantzia, 1992, 83 urte) XX. mendeko konpositore frantses garrantzitsuenen artean aurkitzen da, oso estilo bereizgarria eta pertsonala garatu zuen eta musika garaikidearen historian gakoa izan zen baita geroago etorri ziren konpositore askoren irakasle izan zelako. Debussy (1862 – 1918) eta Ravel (1875 – 1937) konpositore klasiko historikoen mailan daukagu, gazteagoa izanik. Txikitatik bere gurasoengandik oso hezkuntza berezia jaso zuen, berak “hezkuntza magikoa” deitzen ziona, eta bere obran oso erabakigarria izan zena, izan ere gurasoek literaturaren bidez piztutako bere irudimen sutsuak oso lengoaia berezia eraikitzera eraman zuten. Bere aita ingeles irakaslea zen eta Shakespeareren obrak itzultzen zituen eta bere ama Cécile Sauvage poeta zen, horregatik umetan Messiaenek bere anaia txikiari Shakespeare handiaren obrak antzezten zizkion. Oso txikitatik bere kontura pianoa jotzen hasi zen eta umetan Gabonetako opari bezala opera partiturak eskatzen zituen. 10 urterekin bere lehenengo irakasleetako batek Debussy-ren Pelléas et Mélisande operaren partitura oparitu zion eta Messiaen guztiz liluratuta geratu zen, hortik aurrera konpositorea izango zela erabaki zuen.
Deskargatu hemen.