EREMUZ KANPO 4X15: FIKZIO DOKUMENTATUAK

Denbora gutxian, jarraian ikusten diren filmek nolabaiteko harremana eraikitzen dute euren artean, memoria sobera zehatza ez dugunon buruetan behinik behin. Garai bertsuan ezagutu edo erosi ditugun diskoek bezala. Nahasten dira datuak, istorioak, esanak eta eginak, eta konturatzerako mahaiaren bueltan irudikatzen ditugu protagonista guztiak, hitz aspertuan, akaso gutaz, eurak jarraian ikusi dituen ikusleaz, hizketan. Zergatik ez gutaz, nork bestela ikusi ditu film horiexek jarraian, nor sentitu da hain hurbileko, hain eurak, nork sentitu du guk sentitu dugun horixe bera. Euren arteko lagun komuna gara, geuri esker ezagutu dute elkar, geuk gonbidatu ditugu mahaira, ezin badugu ere ikusle planotik irten eta eurekin solasean aritu. Eremuz kanpo geratzen gara, eremuz kanpora kondenatuta. Eremuz Kanpo 4X15, Fikzio dokumentatuak.

Aste honetan, musikariak gonbidatu ditugu mahaira, eta hor daude, bapo afalduta, postrerako gazta, intxaur eta patxaran banarekin, Leonard Cohen, aspaldiko lagun batek “zigarro eta aluei” poemak egiten zizkion tipoa zeritzona, the high princess of soul miss Nina Simone, Louisianako Slint taldea, Will Oldham edo Bonnie Prince Billy euren laguna sukaldeko eskina batean dagoela, argazkiak ateratzen eta isilik. Azkenik, Bill Callahan, edo Smog, edo Kaixo esate hutsarekin hipnotizatzeko gai den tipoa. Ez dugu haien dokumentalei buruz jardungo. Dokumentalean gertatutako batzuk, esandako batzuk, egindakoak ekarri ditugu. Hau da: Benetako gertakarietan oinarritutako istorioa da hau, fikzio dokumentatua; hots, sinesgaitza erabat, Allen Ginsberg gonbidatu bereziak, Harry Potterren antza duela eta Harkaitz Canoren mintzaira darabilela, ordena apur bat jartzera sartzen den arte behintzat.

Saioa jaisteko sakatu HEMEN.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

ZIENTZIALARI: Astronomia eta astrofisika

og. Mar 10 , 2016
Naiara Barrado Izagirre etorri zaigu gaur bisitan zientzialari eta zientziazaleen txoko eder honetara, eta haren eskutik astronomia eta astrofisika bereizten ikasiko dugu. Gero, astronomiaren sorrera eta bilakaera nola gertatu ziren gogoraraziko digu berak; horren ondoren, teleskopio mota garrantzitsuenak ezagutuko ditugu, eta, azkenik, astronomiaren egungo adarrak eta beraien ezaugarriak azalduko dizkigu […]

Honekin lotuak