BEHIALAKO EGUN BATEZ: Martin Larralde “Bordaxuri” sortu zen

Honelako egun batez sortu zen Martin Larralde Ithurbide, ezizenez Bordaxuri, 1782ko urtarrilaren 7an, Hazparneko Plumaienea etxean. Guillaume Larralde eta Marie Ithurbide gurasoak zituen, sortzez aita Bordaxurikoa eta ama Plumaienekoa bertakoa zituen. Lanbidez zapatagintzan aritu zen, eta, hilketa batengatik kondenatua, Preso zela hil zen Rochefort-en, Frantzian, 1821eko abenduaren 19an.

Gizon bat hiltzeagatik eraman zuten preso Bordaxuri, baina ezetz dio berak; berak ez zuela inor hil, Plumaieneko premu izateak kondenatu zuela. Izan ere, ama hiltzean, haren etxe partea eskatu zion bertsolariak aitari, baina hark eman nahi ez, eta tenkatuz joan zen soka. 1815eko ekainaren 27an gertatu zen ezbeharra. Egun hartan tirokatu zuten Jean Ospital, Larralderen aitak baimenduta Plumaienekoen lurretan belarretan ari zela. Bizkarretik eraso zioten, eta Larralde jo zuen errudun epaitegiak. Horregatik eraman zuten galeretara, eta horregatik hil zen etxetik urrun. Sastraka eta zuhaitz hauetatik urrun, alegia. Familiaren konspirazio bat izan zela iradoki zuen Larraldek epaiketan, eta akusazio bera egin zuen bertsotan ere. «Ala zorigaitzeko/ premu izatea!/ Horrek eman baiteraut/ bethikotz kaltea,/ Aitari gald’eginik/ sortzeko phartea/ Galeretan eman nau,/ hau da ene dotea.// Ene aita da gizon/ kontsideratua./ Semia galeretan/ du segurtatua./ Nun nahi othoitzean/ belaunikatua,/ Saindu iduri,/ debru madarikatua». Piarres Charritonen arabera, bertsook ez zituen Larraldek berak idatzi, haren lagun eta herrikide Katxo bertsolari hazpandarrak baizik.

Istorio horrek bertso eta abestietarako bidea eman zuen gerora. Esaterako, bertso haiek Pantxoa eta Peio lapurtarrek abesti bihurtu zituzten, Galerianoaren kantua izenpean. Halaber, XX. mendean Piarres Lartzabal idazle lapurtarrak Bordaxuri izeneko antzezlana egin zuen, eta Joseba Sarrionandia poeta bizkaitarrak berari eskaini zion “Martin Larralde” olerki ezaguna (Hnuy illa nyha majah yahoo), urte batzuk geroago Ruper Ordorika abeslari gipuzkoarrak musikatu zuena (Dabilen harria). (Argazkia: bordaxuri-epaiketa.com webgunea).

 

Deskargatu hemen.

2 thoughts on “BEHIALAKO EGUN BATEZ: Martin Larralde “Bordaxuri” sortu zen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

STENDHALEN OIHARTZUNAK: “CRISTÓBAL HALFFTERREN OIHARTZUNAK”

az. Urt 7 , 2026
Cristóbal Halffter (Madril, 1930 – Villafranca del Bierzo, 2021eko maiatzaren 23a) XX eta XXI. mendeetako Espainiako konpositorerik garrantzitsuenen artean koka dezakegu 2021eko maiatzaren 23an hil zen 91 urte zituelarik. Beste batzuetan aipatu izan dugun eta nazionalismo musikala eta gero Espainian musika abangoardista sartu zuen “51ko Belaunaldiaren” parte izan zen (Bernaola, […]

Honekin lotuak