“GOMUTAN, Bilboko historiaren atal ezezagunak” liburua aurkeztu du Hektor Ortegak

Bilbo Hiria irratiko GOMUTAN saioa liburu bilakatu da. Urtebetean 40 emanaldi egin ziren istoriook kontatzeko, eta liburu honetan jaso dira, Gomutan, Bilboko historiaren atal  ezezagunak izenpean. Gaur goizean aurkeztu da Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan. Bertatik saio berezia egin dugu, liburuan parte hartu duten hainbat lagun eta ordezkari gure mikrofonoetara ekarriz. Lehenengo Juan Mari Aburto alkateak nabarmendu du liburuak “Bilboren historia hobeto ezagutaraziko” digula. “Oso modu errazean, irakurri dezakegu, zatika, apurka-apurka istorio berriak ezagutzen”. Osorik irakurriko digula agindu du alkateak, eta liburua elkarlanaren emaitza izan dela azpimarratu du: “Bilbo Hiria, Bilbao arte Udala… kolaborazioa dagoenean proiektuek aurrera egiten dute”, esan du Aburtok.

Koldo Narbaiza euskara zinegotzia ere pozik agertu da eginiko lanarekin, eta bertan ageri den ikuspegi gaztea eta maitasuna nabarmendu du. GOMUTAN saioa irratian entzunda zeukan Narbaizak, eta Erroaren proposamena etorri zenean “behartuta” sentitu zen saioa liburu euskarri honetara eramateko “irratian egiten duen lana egokia izanda ere”. Istorioon bitxitasuna azpimarratu du zinegotziak: “Denok uste dugu ezagutzen dugula historia baina ezezagunak irakurterrazak dira hauek, erraz irakurtzen dira eta sorpresa piloa hartzen duzu”, esan du Narbaizak.

Arrate Hidalgo maketatzailea, Xabier Monasterio editorea, Ane Pikaza ilustratzailea eta Aitor Arakistain, BilbaoArteko ordezkaria

GOMUTAN, Bilboko historiako atal ezezagunak liburuaren 2.000 aleko argitalpena egin da, Erroa argitaletxearen zigiluarekin. Gainera, BilbaoArte Fundazioaren elkarlana aipatu behar da, irudiak eta liburuaren maketazioa bere lana baitira. Ane Pikaza arduratu da ilustrazioak egiteaz, Arrate Hidalgok maketatu du eta Aitor Arakistain Bilboarteko kideak koordinatu du lana. Arakistainek kontatu duenez, Bilboko Udalak eta Erroa argitaletxeak irrati saioa liburu bihurtzeko eskatu zieten eta ikuspegi berritzailea eman nahi izan zioten hasieratik: “Hasieran baziirudien adin batetik aurrerakoentzat izango zela baina emaitza ikusita adin guztietarako atera da”, esan du Arakistainek. Ane Pikazak liburuan emakume asko agertzen direla nabarmendu du, “interesgarriak eta borrokan egondakoak”, eta azaldu du istorio anitz horiei bateratasuna ematea izan duela erronka.

Udaletxeko zenbait zinegotzi eta ordezkari Hektor Ortegarekin.

Oso pozik agertu da Ortega liburua hain edizio txukunean argitaratuta ikustean, eta proiektua Bilbo Hiriari esker sortu zela gogoratu du, eskertuta. GOMUTAN liburuan 40 historia batu ditu Hektor Ortegak, beste garai batzuetako gertaerak, giro eta leku ahaztu orain arte behin ere kontatu gabeak eta Bilboko historian ezezagunak. Horien artean, badira aspaldiko kontuak, pertsonaiak eta lekuak, kantak eta pasadizoak biltzen dira, istorio laburrak, azken batean, baina egileak azpimarratu bezala “euskaratik pentsatuak eta euskaratik ekarriak”. Bere esanetan, liburua “ekarpen txikia da Euskal Herriko historia orokorra osatzeko”. Bertan emakume asko ageri direla aipatu dugunean “ez da nahita izan” erantzun du Ortegak, “izan ere, atal ezezagunen bila abiatuta, emakumeak topatuko ditugu”, hor azalpena, beraz. Batzuetan zerbait gertatu da eta ez da lorratzik geratu. Juanita Mir kazetari afusilatuaren kasua jarri du adibide: “badira fusilamenduaren aipamenak baina ez askoz gehiagorik. Oraindik ez dugu ikusi haren argazkirik”. Beste pasadizo eta kontakizun asko daude, Bilbotik Parisera, tourrean aritzera joan zan deustuarrarena, kasurako. Aratusteak eta bertsolariak ere badira ahaztutako historia horren parte, Hektorrek kontatu digunez.

Durangoko azokan salgai egongo da GOMUTAN liburua, Erroa argitaletxearen eta Zenbat Gararen erakustokian, 15 euroko salneurrian. Liburuaren jendaurreko aurkezpena ere izango da Durangon, Ahotsenean, abenduaren 7an, ostirala, 12:30ean.

Saio osoa hemen entzungai:

 

Deskargatzeko hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

PLAZERA ZEURE ESKUETAN: Mugak harremanetan

al. Aza 19 , 2018
Gaurko saioan Amaia Urejola sexologoak mugen inguruan berba egin du. Mugak bikote harremanetan beharrezkoak dira. Gizartean sistema handi eta txikietan bizi gara eta izaki sozialak  garenez mugak beharrezkoak dira. Bikote harremanetan mugak intradiadikoak edo extradiadikoak izan daitezke. Guzti hauek aztertu ditugu gaurko saioan. https://bilbohiria.com/docs2/2018/plazerazeureeskuetan/181029_27_sexologia_mugak.mp3 Deskargatu hemen.

Honekin lotuak