Iñaki Barcenak, berak eta Oier Zeberiok sinatuta Berrian argitaratu den Euria, arriskuak eta demokrazia artikulua ekarri digu hizpidera. Bertan Zeberiok eta Barcenak azaltzen dutenez, “errekek eta ibaiek gainezka egiten dutenean, eta naturari lapurtu zaizkion eta eraikinez bete diren lur eremuak urpean geratzen direnean, gizakia babes gabe geratzen da, eta harturiko erabaki okerren fruituak jasotzen hasten da. Hori da euskal geografiako hainbat puntutan bizi den errealitatea”. Lurraren berotze efektua “erregai fosilen erreketagatik eta lurraren erabilera okerragatik sortu dugu. Antropologoek diote prometeismoaren aroaren amaieran gaudela. Hots, Naturaren legeak menderatu edo gobernatu ezin ditugula eta bizitza mundu honetan nahi bezala antolatu ezin dugula jabetzen ari gara”.
Gertaera natural suntsigarrietatik ia salbu aurkitzen den eremu batean bizi garela aitortu arren, gurean uholde prozesu ziklikoek “porlanezko Euskal Herriarekin” zerikusi osoa dutela ohartu eta etorkizunean uholde arriskua handitu egingo dela diote artikuluaren egileek. Larrialdi edo krisi egoera aldarrikatu behar dela diote, baina horren aurretik biztanleriak arriskuaren gaineko informazio osoa edukitzea eta herritarren parte hartzean eta komunitate-garapenean oinarrituriko dinamikak indarrean jartzea eskatzen dute.
Deskargatu hemen.