II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarretik eginiko zuzeneko lehen saioa entzungai

Gaur eta bihar, Bilboko Euskal Museoan, Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen bosgarren jardunaldi akademikoa  ospatuko da, II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra. Gaur abiatu da eta bertatik bertara jardunaldiaren jarraipena egin dugu. Bertan, euskararen berba-mintzoak aztertuko dira eta, bide batez, dialektologiaren alorrean nazioartean egin diren azken ikerketak agertuko dira. Lehenengo gonbidatua Adolfo Arejita Euskaltzaina izan da. Louis Lucien Bonaparteren ekarpena ekarri du gogora Adolfo Arejitak II. Nazioarteko Dialektologia biltzarrean. “Herri Hizkeren Atlasa etorkizunean egingo diren lanetarako erreferentzia nagusia izango da”, esan digu Arejitak.

Herri Hizkeren Atlasa egiteko erabilitako metodoa azaldu digu Euskaltzaindiko Amaia Jauregizarrek eta “lekukoak eskuzabalak eta jakintsuak” izan direla esan digu. Egunotan euskal museoan ikusgai dagoen “Euskara ibiltaria” erakusketaren jakingarriak ere azaldu dizkigu. Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (#EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galdera sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galdera sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

Euskara Ibiltaria 2015. urtean EHHAtik sortu zen erakusketa da, baina gaur Euskal Museoan aurkeztu denak zerikusi txikia du orduko hartan egin zen proiektuarekin; erakusketa eraberritu eta interaktiboa da Bilbon erakusten dena, material berriz osatutakoa eta bisitariaren parte-hartze zuzena sustatzen duena. Zentzumenak baliatuz, euskararen hitz eta hotsekin jolastu, ikasi eta entretenitu ahal izango du bisitariak. “Erakusketa honetan euskara entzun egin daiteke, irakur daiteke, uki daiteke eta usaindu egin daiteke”, esan du Xarles Videgain Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren arduradunak.

Patxi Zabaleta euskaltzaina izan da gurean,  dialektologia Biltzarra honetara etorri da. Goi Nafarroan erronkariera, Zaraitzuko eta Sakanako euskalkiak aipatu ditu euskararen aberastasun dialektologiaren erakusgarri. Egun hiztun gehien Iruñean direla gogoratu du. Nafarroako euskararen legea aldatu beharra azpimarratu du.

Iñaki Camino hizkuntzalariak Garaziko euskararen berri ekarri digu. Baigorriko euskarak Lapurdikoarekin harreman handiak ditu, Amikuze aldeak, aldiz, Xiberoko euskararekin. Erdigunean Garazi dugu eta horko euskalkiak baditu zenbait bereizgarri. Garaziko euskara zer ereduren arabera aldatzen ari den aztertu eta “Mendebalderantz egin duela” azaldu digu Caminok, ekialderago duen Xibereratik aldenduta, alegia, euskara batuaren, lapurteraren eta egungo frantsesaren eraginez.

Xulio Sousa filologia fakultateko irakasle dugu Santiagoko unibertsitatean galegoaren dialektologiaz eta Portugesarekiko harremanez azalpen batzuk eman dizkigu dialektologia biltzarrean. Gainera, galegoz erantzun ditu gure galderak. Xulio Sousak azaldu digunez, hizkuntza estandarrak eraikuntza arbitrarioak dira, ez dago besteak baino hobea den formarik. Galegoaren estandarra Galizian orduan mintzo ziren hizkeren inguruan eraiki zen.

Saio osoa entzuteko:

Saioa deskargatu hemen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

II. Nazioarteko dialektologia biltzarretik eginiko bigarren saioa entzungai

ol. Mar 15 , 2019
Euskaltzaindiak antolatutako Nazioarteko dialektologia biltzarretik bigarren eguneko saio berezia duzue entzungai. Miriam Urkia euskaltzainarekin hitz egin dugu.  Berriki hiztegiari egindako eguneraketaz 466 sarrera eta 392 azpisarrera berri arautu ditu Euskaltzaindiak; alegia, 858 forma berri. Horiekin batera, beste 462 sarrera moldatu dira. Esaterako, bokata edo manifa bezalako hitzak arautu dira berriki. […]

Honekin lotuak